Landetako okindegi zaharraren paretik Atxubiagako biribilgunerainoko bidegorri zatia egokitu dute.
Joan zen maiatzean hasi ziren Azpeitia eta Urrestilla lotuko dituen bidegorria egiteko obrak, eta dagoeneko amaitu dituzte aurreneko faseari dagozkion lanak, Azpeitiko Udalari zegozkionak. Landetako okindegi zaharraren paretik Atxubiagako biribilgunera arteko bidegorri zatia egokitu du Udalak lehen fase horretan. Obrek 195.539,90 euroko aurrekontua izan dute.
Bigarren faseko lanen proiektua –Atxubiagako biribilgunea eta Urrestilla lotuko dituen zatiarena– eginda eta onartuta dagoela jakinarazi du Udalak. Orain arte, proiektuaren tramitaziorako lurrak eskuratzeko prozesuan aritu da Foru Aldundia. Izan ere, bidegorriaren ibilbidea egin ahal izateko Aldundiak Azpeitiko Udalari utziko dizkio lurrak, eta Udala izango da, era berean, bigarren fase horretako lanak esleituko dituena. Lehen fasea amaituta, bidegorriaren bigarren zatia egokitzeko obrekin hasteko falta diren tramitazio lanak egiten ari dira orain.
Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak joan zen azaroan sinatu zuten bidegorria egiteko hitzarmena. Bi erakundeek azaldu zutenez, helburua da bidegorria 2019 urte hasieran amaitzea.
Guztira, 1,5 milioi euro inguruko aurrekontua dute Azpeitia eta Urrestilla lotuko dituen bidegorriaren lanek. Foru Aldundiak ordainduko du zenbateko horren %75a, eta Azpeitiko Udalak %25a. Lanak gauzatzea, aldiz, Udalaren kontu izango da.