Udako etenaren ondoren, hurrengo asteburuan itzuliko da asteburuetako ohiko zinema eskaintza Azkoitiko Baztartxo eta Azpeitiko Soreasu antzokietara.
Lehen asteburu horretan, Azpeitian eta azpeitiarrek eginiko filmak ikusteko aukera izango da Soreasun: estreinaldi bat eta berreskuratutako altxor bat. Hilaren 14an, 19:00etan,
Ametsen harria dokumentala estreinatuko dute Paradisu Zinema zineklubak eta Kulturaz kooperatibak. Iaz martxan jarri zuten
AnnapurnaII_86 proiektuaren zutabeetako bat da film berria; 1986an Azpeititik Annapurna II Himalaiako tontorrera egin zuten espedizioaren abentura hura nola abiatu zen eta nola izan zen posible azaldu nahi izan dute
Ametsen harriarekin.
Proiektu horren beste zutabea zen espedizioan bertan hartutako irudiekin Agustin Arenasek egindako
Annapurna II 1986 dokumentala berreskuratzea eta digitalizatzea. Hori ere bete dute, eta duela 32 urte grabatutako ikus-entzunezkoa ere ikusgai izango da Soreasun hurrengo astean: hilaren 15ean 22:00etan, hilaren 16an 19:30ean eta hilaren 17an 21:00etan emango dute, hain zuzen ere.
Hauek dira berreskuratutako dokumentalaren eta dokumental berriaren trailerrak:
https://youtu.be/Q3H3IsLZHvY
https://youtu.be/1ISuBJMoPs8
Iraileko filmak zehaztuta
Azkoitian,
Mamma mia: una y otra vez filma emango dute denboraldi berriko lehen asteburuan, ostiraletik astelehenera, hilaren 14tik 17ra; lehen bi egunetan, 22:00etan ikusi ahal izango da, igandean 19:30ean, eta astelehenean 20:00etan.
Baztartxon irailean emango dituzten gainerako filmak ere zehaztuta daude. Horrela, hilaren 21etik 24ra Yucatan botako dute, aipatutako egunez eguneko ordutegi berean; hilaren 23an, gainera,
Los Increibles 2 filma emango dute umeentzako igande arratsaldeko saioan, 17:15ean hasita. Irailaren 28tik 30era eta urriaren 1ean, Koldo Almandozen
Oreina filma izango da ikusgai Baztartxon; eta
Hotel Transilvania 3 ere bai, irailaren 30eko umeentzako saioan.