Anaitz Lizartza eta Itziar Bastida azpeitiarrek bi dantza txapelketa irabazi dituzte asteburuan

Urola Kostako Hitza 2018ko abuztuaren 27a

Zapatuan Astigarragako Ergobia auzoan jokatu zuten lehia, eta txapela jantzi zuten azpeitiarrek. Atzo, berriz, Elgoibarren jokatu zuten txapelketa, eta han ere azpeitiarrak izan ziren nagusi. Bi txapelketetan herriko hainbat dantzarik parte hartu zuten.

Anaitz Lizartza eta Itziar Bastida Elgoibarko txapelketan. (Jose Luis Lizartza) Anaitz Lizartzak eta Itziar Bastidak bi dantza txapelketa irabazi dituzte asteburuan. Zapatuan, Astigarragako Ergobia auzoko plazan jokatu zuten hamahiru bikotek gazte mailako txapelketa, eta Lizartza eta Bastida azpeitiarrak nagusitu ziren. Bigarren egin zuten Gorka Granado eta Irati Lopez sopelarrek, eta hirugarren Mikel Esnaola eta Ane Anuariz lezotarrek. Azpeitiko eta Zestoako beste sei bikotek parte hartu zuten lehian. Atzo, igandea, berriz, LXXXII. Txapelketa jokatu zuten Elgoibarren. Itziar Bastidak eta Añaitz Lizartzak irabazi zuten lehia hori ere, eta 200 euro jaso zituzten. Bigarren egin zuten Irati Lopez eta Gorka Granado sopelarrek, eta horiek 180 euro eskuratu zituzten. Hirugarren, berriz, Nagore Kerejeta eta Aner Kerejeta azpeitiarrak sailkatu ziren, eta 170 euro irabazi zituzten. Hamalau bikotek parte hartu zuten Elgoibarko Udalak Haritz euskal dantzari taldearen eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren laguntzaz antolatutako txapelketan. Horietatik zazpi ziren Azpeitikoak, Zestoakoak eta Errezilgoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide