Ni Yuta Ni Tuyako lagunak, dozenaka txokotara eraman dituen furgonetarekin.
Ni Yuta Ni Tuya musika taldea igoko da gaur, San Inazio egunez, Azpeitiko festetako karpaguneko oholtzara. Musika talde feministako kidea eta gitarra jotzailea da Amets Cañizares (Azpeitia, 1994). Nahiz eta azpeitiarra izan, "gutxi" egoten da herrian. Horregatik, "pozez". hartu du Marea Arroxa festa herrikoien aldeko batzordearen gonbidapena. Gaur gauean oholtzara igotzeko "motibatuta eta gogotsu" dago. Rukula eta Revolta Permanent taldeen ostean eskainiko dute zuzenekoa, 02:30 aldera.
Cañizaresek azaldu duenez, Ni Yuta Ni Tuya "kunbia-punk feminista erradikal "taldea da: "Proiektu musikala izateaz aparte, proiektu politiko bat ere bada Ni Yuta Ni Tuya, emakumeek oholtzan lekua izan dezaten aldarrikatzeko eta emakumeak oholtzan ahalduntzeko balio duena". Gasteizko Errekaleor auzoan sortu zen musika taldea iaz, "ezustean". Horrela gogoratzen du Cañizaresek: "Bateria jotzen duen kidearen harrikadatik sortu zen dena. Hura kunbia musikarekin motibatuta zebilen, eta guri ere gustatzen zitzaigun. Musika hori jotzen hasi zen, eta haren pausoak jarraitu genituen nik eta beste lagun batek. Hainbat instrumentu probatzen ibili ginen, musikaz gozatzeko asmoarekin, ez besterik. Talde polita elkartzen ginen eta ederki moldatzen ginen elkarrekin. Bilboko Aste Nagusian jotzeko gonbidapena egin ziguten, eta hori izan zen taldearen inflexio puntua. Esan genuen ‘aurrera, edo ezer ez’. Hor hasi zen istorioa". Gaur egun, sei dira Ni Yuta Ni Tuyako partaideak. Denak dira emakumeak eta, besteak beste, bateria, guiroa, gitarra, flauta, bibolina eta baxua jotzen dituzte.
Kantuen inguruan galdetuta, "makarradak" direla dio azpeitiarrak, eta feminismoaren inguruko gaiak jorratzen dituztela azaldu du: "Abestietako hitzak mezu zuzenak dira, emakumeen aldarriak, gure gorputzaren eta
bollerismoaren ingurukoak…". Era berean, Ni Yuta Ni Tuya "berezi" egiten duen gauzarik ere badagoela dio Cañizaresek: "Gure jarrerak,
mamarratxismoak, taldeko partaide guztiak emakumeak izateak eta desafinatzeari beldurrik ez izateak egiten du berezi gure taldea".
Elkartu ziren bezala, "ezustean" bururatu zitzaiten Ni Yuta Ni Tuyako neskei taldearen izena. Hain zuzen, manifestazio batean ikusitako pankarta bat ikusi ostean: "Taldekide bat Argentinakoa da. Egun batean, etxeko sukaldean abestiak jotzen ari ginela Argentinako laguna ordenagailuan zebilen, manifestazio bateko argazkiak ikusten. Irudi batean
Ni yuta, ni tuya zioen pankarta bat irakurri genuen, eta une horretan bertan otu zitzaigun ideia. Argentinan poliziari deitzen diote
yuta".
Motxila bete bizipen
Denetariko bizipenak motxilan sartuta, duela lau egun iritsi zen herrira Cañizares, Ni Yuta Ni Tuya taldearekin Italian zehar egindako kontzertu biratik bueltan. Italian "oso ondo" joan zaiela kontatu du azpeitiarrak: "Hasieran Greziara joatea zen asmoa, hango lagun batek idatzi baitzigun. Azkenean, Italian pare bat kontzertu lotu ostean, hara joatea pentsatu genuen. Oso ondo joan zaigu. Guk jarri diogu erritmoa birari eta horri esker kalean kontzertuak ematen aurreneko esperientziak bizi ditugu". Cañizaresen hitzetan, Italiako jendeak abestien hitzak ulertu ez arren, "harrera bikaina" izan du Ni Yuta Ni Tuyak. Bizitako esperientziak gogoratuta, gazteak kalean musika jotzera animatu nahi ditu: "Jende gaztea animatu nahi nuke kalean musika jotzera. Jarrera eta motibazio kontua da dena. Gerta daiteke egun batean inork ez begiratzea edo entzutea. Baina baita izugarrizko harrera izatea ere. Gainera, bidaiatzeko beste modu bat da, ate asko irekitzen dituena".
Italian egindako birako argazkia. Eskuinekoa da Cañizares.
Ez da Cañizares Marea Arroxak antolatutako ekintzen bueltan oholtzara igoko den aurreneko aldia. Duela urte batzuk Dj Map-H bezala igo zen Azpeitiko txosnaguneko agertokira. Urte hartako oroitzapen ederrak ditu: "Esperientzia ederra izan zen. Orduan Dj Map-H
marika bollera bezala definitzen genuen gure taldea, eta Ni Yuta Ni Tuyak bezala, ohikoak ez diren giro eta harremanak bilatzen eta sustatzen genituen, eszenatoki gainean zein azpian". Orain, aldarri bera zabaltzeko beste modu bateko musika jotzeak "ilusio berezia" egiten dio Cañizaresi, baita Azpeitian kontzertua emateak ere: "Lagun askok ez dakite musika mota hau sortzen duen talde bat dudanik, eta topera motibatzen nau gure mezua herrian zein Urola bailaran zabaltzeak. Gozatzera irtengo gara gaur".