Goizeko ekitaldien ostean, festa giroan jarraitu dute arratsaldean Azpeitian. Udaletxeko erlojuak 15:00ak ondo jota zituela hasi da jendez betetzen plaza, Marea Arroxak antolatutako herri bazkarirako. Aurten paella eguzki galgatan jan behar izan dute herri bazkarira joan diren 730 inguru lagunek, eta kuadrilla bat baino gehiago animatu da era guztietako txapelak, eguzkitakoak eta betaurrekoak eramatera. Bazkaldu bitartean, Azpeitiko preso eta deportatuak –Josu Urbieta
Pou, Joseba Segurola
Xegu, Gotzon Aranburu eta Iñaki Etxarte– izan dituzte gogoan, eta brindisa egin dute haien omenez.
Ondoren, jolasen txanda iritsi da. 17:00etatik aurrera, hainbat jolas egin dituzte karpagunean; besteak beste, aulki jokoan eta puxikekin lehian aritu dira hainbat herritar. Horrez gain, Kantu kolore taldea aritu da zuzenean Olazko Andre Mariaren plazan, 18:00etan hasita, eta umeek ederki pasatu dute taldearekin dantzan eta kantuan. Bestalde, bigantxak eta zezen txikiak izan dira Done Jakue kalean. Handik gertu, Frontoi Txikiaren ondoan, FrontOI! Txiki Fest egin dute, eta jende ugari bildu da bertan.
Hona hemen gaur arratsaldea, irudietan:
[flickr_set id="72157671751752618"]