Azpeitiko eta Amurrioko pilotariak, finaleko sari banaketan. (EHPF)
Azpeitira bidean da Euskal Herriko Herriartekoaren txapela. Izan ere, beste urte batez, Azpeitiak irabazi du Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketa, finalean Amurrio 3-0 mendean hartuta. Laugarren aldiz jantzi du gaur, uztailak 22, Azpeitiak Euskal Herriko Herriartekoaren txapela, eta gaurko garaipenarekin, Euskal Herriko Herriartekoan txapel gehien irabazi dituen herria da.
Iaz jantzi zuten azkenekoz Euskal Herriko txapela Ilunpeko pilotariek, eta hori defendatzeko pronto atera dira Zornotzako (Bizkaia) Udal Pilotalekuko kantxara, Amurrio mendean hartzeko helburuarekin. Lehen bi partidak irabazitakoan hasi da festa. Azkar iritsi da berria herrira, eta Umeen Eguneko erraldoien dantza emanaldia aprobetxatu dute udaletxeko bozgorailuetatik berria zabaltzeko.
Lehen partida, kadeteena, Unai Alberdik eta Jakes Elosegik jokatu dute, eta 22 eta 17 nagusitu dira. Bigarren partida, jubenilena, Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek jokatu dute, eta horiek ere nagusi izan dira markagailuan, Amurriokoak 22-11 mendean hartuta. Daniel Murgiondo eta Jon Alberdi seniorrak ere markagailuan gailendu dira, 22 eta 13.
Gaurkoan ere Azpeitiko zaleek ez dute hutsik egin, eta hainbat izan dira Ilunpeko pilotariak animatzera Zornotzako pilotalekura hurbildu direnak.
Ohi bezala, Azpeitiko Udalak harrera egingo die txapeldunei gaur arratsaldean. Udalak iragarri duenez, 20:00-20:30 aldera hartuko dituzte pilotariak udaletxean. Ilunpeko pilotariak Perez Arregi plazatxotik abiatuta, kalejiran joango dira udaletxera.
Gaurko kapituluarekin eman dio amaiera Azpeitiak joan den maiatzean hasi zuen istorioari, ezin hobeto, gainera.
Azpeitiak hirutan irabazi du Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa. Hain zuzen ere,
2008an,
2015ean eta
iaz. Ziur hurrengo urtean ere txapela ongi defendatzera irtengo direla Ilunpeko pilotariak.