Saninazioen atariko festak hasiko dituzte asteburuan, Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 20a

Karting eta minimotard erakustaldia egingo dute bihar. Igandean, Umeen Eguna ospatuko dute .Festak direla eta, aldaketak izango dira autobus geltokietan

Umeen Egunean erraldoien dantza txapelketa plazan, iaz. (Nerea Uranga/Hitza) Motor kirolen zaletuek hitzordua dute aurten ere saninazioen atarian. Bihar egingo dute Azpeitiko karting eta minimotard erakustaldia. 14:00etan hasi eta 20:00ak arte, Perez Arregi plaza kart eta motoentzako box bihurtuko da, eta plaza aurreko kalea eta Damaso auzunekoak, berriz, abiadura zirkuitu. Kart-ak hiru mailatan lehiatuko dira: alebin-kadeteak batera, automatikoak (125 cc) eta KZ kategoriakoak. Guztira, hogeitik gora gidarik eman dute izena hiru mailetan. Horietatik bederatzi dira herrikoak, bi alebin-kadeteak eta zazpi helduen kategoriatakoak. Motoetan, berriz, DTM (Donostia Motor Team) eskolako ikasleek parte hartuko dute minimoto (3 eta 8 urte arteko gidariak) eta minimotard (6 urtetik aurrerakoak) modalidateetan. Guztira, 40 parte hartzaile espero dituzte antolatzaileek, baina azkenean moto lasterketarik ez egitea ere posible da. Izan ere, eguraldiaren aurreikuspenaren arabera, arratsaldeko lehen orduetan euri arriskua dago, eta euria egiten badu, motoena bertan behera gera daiteke. Horrez gain, herriko beste hainbat gidariren erakustaldiez gozatzeko aukera ere izango dute ikusleek. Entrenamendu libreak 14:10ean hasiko dira eta ofizialak 15:25ean; karting finalaurrekoak 17:00etan hasiko dira, eta horien atzetik jokatuko dira motoetako finalak. Karting finalak, berriz, 19:00etatik aurrera izango dira. Erakustaldian zehar gogoan izango dute duela egun gutxi hil zen Kepa Otaegi motorzale azpeitiarra. Bestetik, iaz parrokia atarian ume txikiei zuzendutako kart txikiak erabiltzeko aukera izan zen, baina aurten bertan behera gelditu da hitzordu hori. Aparkalekuak eta trafikoa Ohi bezala, bihar arratsaldeko lasterketek eragin zuzena izango dute ibilbidearen barruan gelditzen diren aparkalekuetan eta kale horietako trafikoan. Batetik, zapatuan 08:00etarako hustu beharko dira ibilbide ondoko aparkaleku guztiak, hau da, Iberotarren plazakoak, Perez Arregi ondokoak, eta Ibai-Ondo eta Julian Elorza kaleetakoak. Horren truke, Soreasuko lur azpiko aparkalekua erabiltzea doan izango da asteburu osoan, ostiraleko 20:00etatik asteleheneko 08:00ak arte. Bestetik, lasterketak irauten duen bitartean, manga bat bukatu eta hurrengoa hasi bitartean ireki egingo dituzte ibilbideko hesiak, Damaso Azkuetik eta Soreasutik irten nahi duten ibilgailuak pasatu daitezen. Igandean, umeen txanda Bestalde, Umeen Eguna ospatuko dute igandean, eta gaztetxoenek askotariko ekitaldiez gozatu ahal izango dute egun osoan zehar. Ohiko legez, udal korporazio txikia eta erraldoien desfilea izango dira, besteak beste. Aurtengoan, hamazazpi elkartetako erraldoiek parte hartuko dute desfilean. Horrez gain, Haujijijai festa batzordeak antolatuta, umeentzako bazkaria izango da Azoka Plazan, eta ondoren jolasak eta kalejira egingo dituzte Alde Zaharrean barrena. Geltokietan aldaketak Festak direla eta, datozen egunetan hainbat aldaketa izango da autobus geltokietan. Bihar, Julian Elorza hiribideko eta Trenaren museoaren ondoko geltokiak bertan behera utziko dituzte, eta autobusek bariantean egingo dituzte geldialdiak.

Gaztetxeak urteurren festa ospatuko du bihar

Azpeitiko Gaztetxeak 13. urteurrena ospatuko du bihar. 11:00etan, baltsa erakusketa eta hamaiketakoa izango dira; 12:00etan, baltsak uretara sartuko dituzte; 14:30ean, bazkaria egingo dute; 17:00etan, kalejira izango da; 21:00etan, luntxa egingo dute; eta, 22:30ean, Marianitos Blai eta Pellanbreren kontzertuak izango dira.
  EGITARAUA BIHAR, LARUNBATA - 12:00. Kimura judo klubaren erakustaldia kioskoan. - 14:30. Karting eta minimotard eraskutaldia. - 23:00. Bide Batez taldearen erromeria. ETZI, IGANDEA - 10:00.Goiz eresia Itsasi dantza taldeak antolatuta. udal korporazio txikia, Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta banda gazteko kideek musikaz lagunduta. - 11:00. Umeen meza nagusia parrokian. - Ondoren. Erraldoien kalejira. - 12:00. Haurrentzat dantzak plazan. - 12:30. Erraldoien erakustaldia eta sari banaketa plazan. - 14:00. Herriko haurrentzat eta gaztetxoentzat bazkaria. Jarraian. Jolasak. - 17:30. Gaztetxoen kaljira, Alde Zaharrean. - 18:30. Errekortarien txapelketa. - 19:30. Jainekin txaranga.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide