Amamantzako Guapuek taldeak kontzertua eskainiko du ostiral gauean Azkoitiko Etxe-Aitz tabernan

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 17a

Etxe -Aitzeko lagunekin duten "gertutasuna" dela eta igoko dira oholtzara aspaldiko partez. Oraingoan, baina, bi beharrean hiru dira Amamantzako Guapuek. Jon Gurrutxagak, Unai Martinezek eta Paul Beitiak goxotuko dute gaua Etxe-Aitzen.

Unai Martinez eta Jon Gurrutxaga, Errimerekin eskainitako zuzeneko batean. (Alberto Beloki) Nahiz eta geldirik ez dauden, Jon Gurrutxaga eta Unai Martinez azpeitiarrek aspaldian ez dute kontzerturik eskaini Amamantzako Guapuek izenarekin. Baina datorren ostiralean, uztailaren 20an berriro igoko dira oholtzara Amamantzako Guapuek etiketarekin, eta Azkoitiko Etxe-Aitz taberna aukeratu dute horretarako. Hirugarren kide bat ere arituko da Gurrutxagarekin eta Martinezekin: Paul Beitia zarauztarra. Hiru musikariak beste hainbat proiektutan ere aritu izan dira elkarrekin lanean. Azaldu dutenez, Etxe-Aitzeko jendearekin duten "gertutasunagatik" eskainiko dute kontzertua. "Duela pare bat urte ere eskaini genuen kontzertua han, eta oso gustura aritu ginen. Hortik atera zen ideia berriro. Data jarri genuen, eta data zehaztuz gero beti iristen da", diote.  Ostiraleko kontzertuan kantu "kuttunak" eskainiko dituzte, beraiek sortutakoak nahiz beste talde edo musikarienak. Zuzeneko goxoa izango da ostiralekoa, "nahiko gertukoa" izango delakoan baitaude. Hori bai, jendea "gustura" hartuko dutela adierazi dute, eta azpimarratu du kontzertua "zukutzen" saiatuko direla. Zuzenekoa 23:00etan hasiko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide