https://www.youtube.com/watch?v=TKjKvWVDFzU
Irailean ekin zioten ikasturteari Azpeitiko Gaztetxean, urtero egin ohi den batzar irekiarekin. Lantaldeak zehaztu, elkar ezagutu, eta lanean hasi ziren pixkanaka, eta orduz geroztik, ez dira gelditu. Hitzaldiak, jardunaldiak, bideogintza, stencil eta Photoshop tailerrak, errepresioaren aurkako mobilizazioak, lan istripuak salatzeko manifestazioa, antzerki alternatiboaren zikloa, boulder txapelketa, Bertsio Gaua, Alu Ulu antzerki foroa, film laburren txapelketa, parodia, garagardo azoka, jaiotza alternatiboen erakusketa, mikro irekia, jantoki begetarianoak, liburuen aurkezpenak, Hoi Denk Zirkue! ikuskizuna... eta beste hainbat kontu. Uztaila iritsi da, eta orain Gaztetxearen urteurrena ospatzea tokatzen da; eta ez ditu geldirik harRAPatuko.
Uztailaren 21ean, larunbatean, izango da urtemuga ospatzeko festa, eta aurtengoan, bideo bidez egin nahi izan dute prestatutako ekintzetan parte hartzeko deia. Beraz, baltsak prestatzen hastera eta abestiaren letra ikastera animatu dituzte herritarrak Gaztetxeko kideek.
Honako hau da abestiaren letra:
"Gaztetxien urteurrena
hamahirugarrena hurrena
hamaiketako ta txupina
izango ditugu aurrena.
Gero bota baltsak ureta
eman buruai mila buelta
'Azpeitiyen zer?' gaia ere
jada jarri digute eta.
Gaztetxera mutil ta neska
bazkari faltarikan ezta
musika eta jolasekin
kalera joango da festa.
Eta horren atzetik luntxa
ziur pasako degu huntsa
gauak aurrera egiteko
kontzertuak dira laguntza.
Daukagu Marianitoz Blai
Eta Pellanbre ere bai
hau ta askoz gehiagorekin
egongo gara zuen zain.
Dugu zuek denon beharra
elkarrekin egin indarra
argi baitago borroka dela
geratzen den bide bakarra".