Azpeitian irekitzekoak diren apustu etxea. (Elkar-ekin)
Azpeitian dagoen Balentina Agirre plazan irekitzekoak diren apustu etxea dela eta, Elkar-ekin taldeak bere "ezinegona" azaldu du, halako lokal bat irekitzea "alarma guztiak pizteko modukoa" dela iritzita. Hori dela eta, apustu etxeen inguruan daukaten jarrera erakusteko eta herrian halako gunerik ez dutela nahi adierazteko asmoz, elkarretaratzea deitu dute hilaren 26rako, ostegunerako. Balentina Agirre plazan bertan elkartuko dira, 19:00etan.
Taldeak adierazi duenez, azken urteetan asko ugaritu dira halako lokalak Euskal Herrian, eta horien ondorioez ohartarazi du: "Etxe hauen atzean dauden enpresariak sekulako dirutzak egiten ari dira auzo langileetan, jendeak bere behar ekonomikoei erantzuteko apustuaren aukera egiten duelako askotan. Apustu Etxe hauen ondorioz hainbat familia are egoera larriagoan gelditzen dira, aurrez zaila zuten egoera ekonomikoak itota. Herritarroi dirua irabazteko aukera eskaintzen digute, finean beraiek izanik oraindik eta dirutza handiagoak egiten dituztenak".
Elkar-ekinen arabera, "dirua azkar eta asko irabaztearen ameskeria saltzen dute, jakitun herritar asko behar larrian aurkitzen direla". Ordea, azpimarratu dute apustu etxeetan "irabazleak eta galtzaileak berdinak" direla azkenean.
Era berean, gogoratu dute batez ere gazteen artean gora doazela ludopatia kasuak. Hain justu, auzo horretan ume asko ibiltzen direla azpimarratu du, eta inguru horretan halako jarduerak normalizatzea arriskutsutsat jo dute.