Jagoba Labaka. (Oriamendi)
Jagoba Labaka erremontista (Azpeitia, 1991) "gustura" dago Mezkiritzeko (Nafarroa) Mikel Etxarrirekin batera erremonteko Oriamendi Promozio Torneoa irabazi ondoren. Horren harira, txapelketak "puntu onenean" harrapatu duela dio.
Garaipen hori lortzen duzun lehen aldia da. Garrantzitsua al da zuretzat?
Bai, oso garrantzitsua. Lehen ere iritsi nintzen txapelketa bereko finalera, baina orain konfiantza gehiagorekin irteten naiz kantxara, eta horrek eragina izan duela iruditzen zait.
Espero al zenuen irabaztea?
Aukerak ikusten nituen arren, ez nuen espero igandeko torneoa irabaztea. Gainontzeko lehiakideek ere partidak irabaztea nahi izaten dute, eta hori kontuan izanda, ez da erraza izaten garaipena lortzea.
Horrelako garaipenek aurrera jarraitzeko indarra ematen al dizute?
Egia esan, bai. Horrelako garaipenek ilusioa egiten dute, baita aurrera jarraitzeko indarra eman ere. Nire aldetik, behintzat, ahalik eta ondoen jokatu eta partidak irabazten saiatuko naiz.
Nahikoa babes sentitu al zenuen kantxan?
Bai. Familiakoak frontoian izan ziren, baita hainbat lagun ere. Egia da kuadrillakoak ez zirela joan, baina bai beste lagun batzuk. Izan ere, lagunak ez zirela frontoian izan zabaldu da, eta joan zirenak pixka bat pikatuta zeuden horrekin. Hori dela eta, azpimarratu nahi izan dute bertan izan zirela.
Zer da zuretzat erremontea?
Hasieran lagunekin hasi nintzen erremontean, eta gustuko nuela ikusita, jarraitzea erabaki nuen; eta gaur egun ere, afizioa izaten jarraitzen du. Gainera, izerdi pixka bat ere ateratzen dugu, eta hori ez dago inoiz soberan. Gustura ibiltzen naiz eta eutsi egiten diot afizioari.
Erraza al da erremontea zure bizitza pertsonalarekin uztartzea?
Bai. Kontuan hartzekoa da erremontea ez dela nire ogibidea; hau da, sukaldaria naiz eta horretan pasatzen ditut eguneko ordu gehienak. Hala ere, lantokian malguak dira partidaren bat baldin badaukat. Bestalde, lanean larri banabil ere, partida gutxiago jokatzen ditut; ulertu egiten dute lanak lehentasuna duela.
Erremontea osasuntsu al dago?
Erremontea nahikoa ilun dago, triste samar. Ez da jende asko joaten egun frontoira erremontea ikustera, eta hurbiltzen direnak ere betikoak izaten dira. Errealitate horren beste adibide bat herrian bertan daukagu; izan ere, lehen erremonte eskola bat geneukan Azpeitian, eta hori ere galdu egin da. Hedabideek ere ez diote beste kirol batzuei bezalako oihartzuna ematen, eta, era berean, erakunde publikoek ez diote erremonteari merezi duen babesa ematen.