[PUBLIERREPORTAJEA] Jose Mari Sarasola: "Sentitzen dugunarekin deskonektatuta gaude"

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 29a

Jose Mari Sarasolak lehen liburua kaleratu du: ‘Conoce tu ser’. 50 kapitulutan banatuta, bizitzaren funtzionamendua azaldu du.

Jose Mari Sarasola, 'Conoce tu ser' liburuarekin. Halaxe izan behar zuela sentitu, eta lehen liburua idazten hasi zen Jose Mari Sarasola (Azpeitia, 1981). Hamar egunetan idatzi zuen guztia, eta maiatzean ikusi zuen argia Conoce tu ser (Ezagutu zeu zarena) lanak. Oro har, norberak bere burua ez duela ondo ezagutzen iruditzen al zaizu? Bai, hori arazo bat da. Ikusten dut jende asko deskonektatuta dagoela benetan den horretatik. Ez dugu ulertzen nor garen eta zein den gure funtzionamendua. Bizitza arima ikuspegiarekin begiratzen hasten garenean, askoz errazagoa da dena. Hobeto bizitzeko aholkuak eman nahi al dizkiozu jendeari liburuarekin? Aholkuak baino gehiago, ikuspegi ezberdin bat izateko aukera eskaini nahi diot. Orokorrean, ikusten dut oso perspektiba arrazionala dagoela gizartean, eta arimaren perspektiba zabaltzen denean, gauzak oso ezberdin ikusten dira: jendea askoz ere lasaiago egoten da gertatzen zaionarekin, ulertu egiten duelako gauza bakoitza zergatik etorri den bere bizitzara eta onartu egiten duelako gertatzen ari zaiona. Gehiegi arrazoitzen da egungo gizartean? Bai, buruarekin funtzionatzen dugu, eta bihotzarekin funtzionatzeak lagundu egingo liguke. Espiritualitatea gutxiegi lantzen al da? Espiritualitatea ez da jaungoiko batean sinestea, nork bere buruarengan sinestea baizik. Gehiago sinetsi behar dugu geure buruarengan, eta, batez ere, sentitzen dugunari kasu gehiago egiten ikasi behar dugu; horretan akats handia ikusten dut. Sentitzen dugun hori ez dagoela ondo irakatsi digute; negar egitea, adibidez. Ez digute irakatsi sentitzen, eta, gaur egungo gazteek ez dakite zer sentitzen duten. Irakatsi digute beti ondo egon behar dugula besteen aurrean, eta, agian, ez gaude ondo. Eta zer gertatzen da ez bagaude ondo? Ezer ere ez; halakoxea da bizitza, gorabeheratsua. Gertatzen dena da deskonektatuta gaudela sentitzen dugunarekin, eta konexio hori lortzeko bultzada eman nahi dut liburuarekin. Bizitza ulertzeko ikuspegi horretatik abiatuta idatzi duzu liburua. Zergatik erabaki zenuen zure ideiak liburu batean jasotzea? Kontsultetan konturatu nintzen istorio asko errepikatzen zirela, eta jendeak beti esaten zidan: "Faltan sumatzen dugu etxean irakurtzeko zerbait". Artikulu batzuk idazten hasi nintzen, eta, azkenean, liburu bat egin dut. Zer aurkituko du liburua irakurtzen duenak? Bizitzaren funtzionamendu guztia ageri da bertan: zertarako jaiotzen garen, zer eragin duen jaiotzak, zer garapen jarraitzen dugun, denok bizi ohi ditugun sentipenak, gaixotasunak, harremanak... Autolaguntzaren eta espiritualitatearen artean kokatzen da liburua, baina, batez ere, norberari bizitzen ari den egoeraren inguruan hausnartzeko aukera ematen dio. Zerbait aurreratzerik baduzu? Erabakien inguruan idatzi dut, adibidez. Jende asko ez aurrera ez atzera gelditzen da erabakiak hartzerakoan, eta ez du axola zer erabakitzen duzun, azkenean, zeure lekura eramaten baitzaitu bizitzak. Asperduraz ere hitz egin dut: gaur egun, ez dakigu aspertzen, eta aspertzea oinarrizkoa da, irudimena lantzea dakarrelako. Insomnioaren kasuan, berriz, gauza kurioso batekin ohartu naiz: jendeak ezin du lo ondo egin, bizitza kontrolatzea nahi duelako. Minbizia, mendekotasunak, buruko gaixotasunak... ere landu ditut. Gaixotasun bakoitzaren oinarria ezberdina da, baina, orokorrean, konturatu naiz beldurra dagoela gaitz guztien atzean. Nori gomendatuko zenioke liburua? Batez ere, bere burua arakatzea nahi duenari. Norbere baitan galderak dituztenek, ziurrenik, bertan aurkituko dituzte erantzunak. Pertsona batek bizi ditzakeen gauza guztien erantzunak daude liburuan. Liburua gonbidapen bat da bizitzen ari zaren hori sentitzeko eta integratzeko. Zer aholku emango zenioke jendeari? Bizitzan zehar gertatzen zaigun guztia eskertzera iristen garenean, arazo guztiak bukatzen dira; ez onartzean dago arazorik handiena. Momentua den bezala bizitzera iritsiko bagina, ez litzateke arazorik egongo. Eta hori lortzea ez da hain zaila.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide