Azoka Herritiken aurkezpen bateko irudia (Azpeitiko Argazki Elkartea).
Azpeitian 2013tik urtez urte egin den Azoka Herritik egitasmoak bukatutzat eman du bere ibilbidea. Azoka Herritikeko kideak "gustura" daude emaitzarekin, baina esperientziak "hobetzeko" zenbait gauza ikusarazi dizkiela ere aipatu dute. "Azken edizioetan euria egin izanak etsipen punttu bat ekarri du; auzolana izan da hasieratik azokaren lan egiteko modua, baina azken urteotan auzolanak behera egin duela sentitu dugu; eta pertsona berdinen eskuetan lan bolumen handia gelditu da, ez dugu asmatu jende berria antolaketa lanetara erakartzen".
Azoka Herritik ordura arte egiten zen Erdi Aroko azoka berrikusi ostean antolatu zuen hainbat herritarrek, eragilek eta udalak, "herritarren beharrei herritarren antolaketatik erantzuteko xedez". Besteak beste, herriko sormenari bide emateko, Alde Zaharra biziberritzeko, inguruko ekoizleak plazara ateratzeko, bertako kontsumoaren aldeko hautua egiteko, taldeek-eta elkar ezagutzeko eta inguruarekin orekan biziko den herria egiteko antolatu zuten Azoka Herritik: "Kooperaziotik, aniztasunetik, euskaratik, parekidetasunetik eta elkartasunetik aldatu nahi genuen Azpeitia, eta oraindik egiteko asko dugula jakin arren, egindakoaren emaitzarekin gustura gaudela lasai esan dezakegu".
Azoka Herritiken sustatzaileen arabera, iraileko azoka baino gehiago izan da Azoka Herritik. Izan ere, hainbat egitasmo iraunkortu egin direla eta herriko taldeen arteko elkarlana indartu egin dela azaldu dute. "Asko izan dira bost urteotan azokaren bueltan garatu diren egitasmoak; batzuk unean unekoak, besteak proiektu iraunkor bezala garatu direnak". Azoka Herritikeko kideek argi utzi dute azoka ez dela helburua izan, helburuak lortzeko lan egiteko espazioa baizik. "Proiektu, dinamika eta bide berriak urratzen ari gara herrian, eta logikoa ikusten dugu espazio batzuk atzean utzi eta berriak osatzen joatea".
Egitasmoaren sustatzaileek bukatutzat eman dute bidea, baina eskerrak eman dizkiote beren aletxoa jarri duten herritar guztiei, eta, batez ere, bidea egitea posible egin duten herritarrei.