Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
EFE berri agentziak jakinarazi duenez, 2017ko Gudari Egunari lotuta eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz hiru lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak Euskal Herrian; horietako bat, Azpeitian. Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur, 20:00etan, Zestoako plazan.
Guardia Zibilak hiru lagun atxilotu ditu gaur Euskal Herrian; horietako bat Azpeitian. UROLA KOSTAKO HITZAk jakin ahal izan duenez, goizean Azpeitian atxilotutako gaztea zestoarra da. Atxiloketa salatzeko elkarretaratzea deitu dute Zestoan, 20:00etarako, plazan. Azpeitiko Gaztetxeak bat egin du elkarretaratzearekin, eta ondorioz Garagardo Festa ez da irekiko kontzentrazioa amaitu arte.
EFE berri agentziaren arabera, hiru lagun horiek terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea egotzita atxilotu dituzte, eta "gazte mugimenduko kideak" dira; hain zuzen ere, 2017ko Gudari Egunari lotuta eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz ari da Guardia Zibila operazioa egiten.
Beste bi lagun ere atxilotu ditu Guardia Zibilak, terrorismoa goratzea leporatuta: bata Gasteizen eta bestea Etxarri-Aranatzen (Nafarroa). Gainera, Gasteizko EHUren Farmazia, Gizarte Langintza eta Letren fakultatea mihatu du poliziak. Polizia operazioa zabalik dagoela jakinarazi du Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Zestoako EH Bilduk atxilotuak askatzeko eskatu du, eta herritarrei arratsaldeko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die. "Espainiar indar polizialak Euskal Herritik kanporatzeko garaia da!", azaldu du Twitterren Zestoako koalizioak. Azpeitiko Sortuk ere elkarretaratzera bertaratzeko deia egin die herritarrei.