Ostegunean hasiko da Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Garagardo Festa

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 26a

Ostegunean hasi eta ostiralean amaituko da aurtengo garagardo festa. Gaztetxea 19:00etan irekiko da bi egunetan, eta bertan afaltzeko aukera egongo da. Ostegunean kontzertua eskainiko du Ondarroatik etorritako The Oiers taldeak. Ostiralean, aldiz, denetariko jolasak izango dira nahi dutenentzat. Garagardo artisaua izango da protagonistetako bat.

Azpeitiko Gaztetxeko kideak, aurtengo Garagardo Festa iragartzeko kartelarekin. (Azpeitiko Gaztetxie) Hemen da beste urte batez Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Garagardo Festa. Ostegunean eta ostiralean Gaztetxeko ateak irekita izango dira 19:00etatik aurrera, garagardo ederraz gozatzeko. Aurten, garagardo artisaua izango da protagonista, eta honako garagardo hauek dastatzeko aukera izango dute Azpeitiko Gaztetxera hurbiltzen diren lagunek: Saltus Anabasa, Otsaihen, Mitika Lamia, Arbaso gorria; Arbaso horia, Barce Loka eta etxeko garagardoa. Prezioa garagardoaren araberakoa izango dela aurreratu dute. Dena den, bi euro eta erditik hiru euro bitartera arteko prezioa izango dute denek. Arrakasta izaten ari den etxeko garagardoa 2,5 euroren truk dastatu ahal izango dute nahi duten lagunek. Sabelak betetzeko jatekorik ere ez da faltako. Ostegunean ogitartekoak eta plater konbinatuak prestatuko dituzte Gaztetxeko kideek. Ostiralean, berriz, janari mexikarra izango da afaltzeko. Begetarianoentzako jatekoa ere ez da faltako ostegunean zein ostiralean. Plateren zein ogitartekoen prezioak pertsona bakoitzak eskatzen dituen osagaien araberakoa izango da. Giroa pixka bat gehiago berotzeko, kontzertu akustikoa eta jolasak antolatu ditu Gaztetxeak. Ostegunean, 22:00etan hasita, The Oiers taldearen kontzertu akustikoa izango da. Ostiralean, aldiz, jolasak izango dira nahi duen ororentzat. Besteak beste, futbolin, dardo eta karta txapelketak antolatuko dira parte hartu nahi duenarentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide