Iban Garciak eta Ane Juradok emanaldia eskainiko dute larunbatean, Gaztemaniak zirkuituaren barruan

Urola Kostako Hitza 2018ko eka. 26a, 11:33

Azpeitiko sanagustin kulturgunean eskainiko dute emanaldia. La Basurekin eta Brisa Fenoy taldearekin elkarbanatuko dute oholtza. Foru Aldundiak eta zenbait udalek, tartean Azpeitikoak, sustatutako egitasmoa da Gaztemaniak.

Ane Jurado azpeitiarra eta Iban Garcia azkoitiarra igoko dira larunbatean Sanagustingo oholtzara. Gaztemaniak zirkuitua Azpeitira iritsiko da aurrenekoz datorren zapatuan, ekainaren 30ean. Arratsaldetik hasita, dantza eta musika izango dira Gaztelekuan zein Sanagustin kulturgunean. 16:00etan hasiko da egitaraua, eta La Basu arduratuko da horretaz. Euskal Herrian ezaguna da La Basu, eta emakumezkoen rap munduko ikur gisa dute batzuek. Hark masterclassa eskainiko du Gaztelekuan. Saioa doakoa izango da, eta nahi duen oro anima dauteke. Izen ematea egunean bertan egin beharko da Gaztelekuan. Ondoren, 18:30ean, Ane Jurado musikari azpeitiarraren kontzertua izango da, eta haren ostean Brisa Fenoy taldea igoko da Sanagustingo oholtzara. Eguna bukatzeko, Iban Garcia azkoitiarrak bere musikarekin animatuko ditu gaztetxoak. Kontzertuetarako sarrera hiru euro ordaindu beharko dute Sanagustinera bertaratzen direnek. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, emanaldiek irauten duten bitartean ez da alkoholik salduko kulturgunean. Gaztemaniak zirkuitua Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen egitasmoa da, eta 20 urteko ibilbidea du. Sustatzaileen arabera, "helburua da kultura gazteengana hurbiltzea". Goizane Alvarez Foru Aldundiko gazteria eta kirol zuzendariaren hitzetan, aurtengo Gaztemaniak zirkuituak helburu zehatza izan du: "Emakume artista gazteak lehen lerroan jartzea". Gemma Gonzalez da egitasmoaren zuzendaria, eta hark azaldu duenez, "12-25 urte bitarteko gaztetxoentzako kultur eskaintzan sortzen diren zailtasun edo hutsuneei erantzutera datorren ekimena da Gaztemaniak". Foru Aldundiak Gipuzkoako zenbait herritako udalekin batera antolatzen du emanaldi bira, eta aurten Azpeitia batu da egitasmora. Eneko Etxeberria alkateak eskerrak emateaz gain, azpimarratu du Gaztemaniak Azpeitian kulturaren arloan egiten ari diren "lanari balioa ematera eta eskaintza zabaltzera" datorren egitasmoa dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide