Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko pilotariak Oiartzunen jokatutako finalaurrekoan. (Ilunpe)
Ostiralean jokatu zituzten Ilunpeko pilotariek eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalaurreko itzulerako partidak, Oiartzunen. Ilunpeko pilotariek 2 eta 1 galdu zuten arren oiartzungoen aurka, joanekoan Azpeitian lortutako 3 eta 0 emaitzari esker, Herriartekoaren finalerako txartela lortu zuten.
Atzoko lehen partida, kadete mailakoa, Aimar Egigurenek eta Josu Labakak jokatu zuten, eta 22-16 galdu zuten. Gorka Iriartek eta Haritz Larrañagak jokatu zuten jubenilen arteko partida, eta 22-21 galdu zuten. Hirugarren partida, ordea, seniorrena, azpeitiarrek irabazi zuten, finalerako sailkapena lortuz. Jon Alberdik eta Daniel Murgiondok 12-22 irabazi zuten.
Azkoitiak, berriz, atzo, larunbata, jokatu zituen finalaurreko itzulerako partidak Ataunen; 2 eta 1eko abantailarekin joan ziren Oteiza pilota elkarteko pilotariak Ataunera. Azken unera arte lehia estua izan zen pilotalekuan, baina, azkenean, bi tantorengatik ez zuen lortu finalera sailkatzea Azkoitiak. Kadeteen partida, 22 eta 21 irabazi zuen Ataunek; gazteen mailakoa, 11 eta 22 Azkoitiak; eta seniorrena, 22 eta 11 galdu zuen Azkoitiak. Hiruna berdinduta gelditu ziren bi herriak, baina, guztira, bi puntu gehiago eskuratu zituen Ataunek (102-100).
Beraz, Azpeitiak eta Ataunek jokatuko dute final handia. Herriartekoaren eskuzko finala hilaren 30ean izango da Donostiako Atano III.ean, 16:30ean hasita.