Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lehen aldiz jokatu dute aurten pilotako Gipuzkoako Herriartekoaren barruan gomazko paletako txapelketa, eta finalera iritsi da Azpeitiko taldea. Igandean dute hitzordua, Donostian.
Finalera iristea lortu duten Azpeitiko palistak. (Mailo Oiarzabal)
Gaizki –edo ondoegi– ohituta daude aspaldian Azpeitiko pilotazaleak Gipuzkoako Herriartekoan. Eskuzkoa da errege txapelketaren barruan antolatzen diren modalitate ezberdinetako lehien artean, eta hor nagusi izan dira azpeitiarrak azken urteetan: 2004tik hona irabazi dituzte Ilunpe elkarteko pilotariek Azpeitiak Gipuzkoako Herriartekoan dituen sei txapelak, azken hirurak jarraian –2015ean, 2016ean eta 2017an–, eta gaur gauean jakingo dute aurten ere finala jokatuko duten ala ez; Oiartzunen jokatuko dute finalaurrekoaren itzulerakoa, joanekoan Frontoi Txikian eskuratutako 3 eta 0eko abantaila alde dutela.
Baina aurten Azpeitiak eskuzkoa ez den beste modalitate batean ere atera du taldea, gomazko paletan, eta palistak ere zaleak gaizki –edo ondoegi– ohituz ekin diote Herriartekoaren bideari, finala jokatzeko sailkatuta. Igandean, Donostiako Altzako pilotalekuan, Donostiaren kontra jokatuko dute lehen txapelaren bila, 11:00etatik aurrera.
Ezustekoa, bai eta ez
Urtzi Lopetegi (Azpeitia, 1983), Asier Egiguren (Azpeitia, 1975), Eneko Martija (Azpeitia, 2000), Oier Alkorta (Azpeitia, 2000), Jabier Odriozola (Aratzerreka, 1980) eta Haritz Aranbarri (Azpeitia, 2001) dira gomazko paletako Herriartekoan Azpeitiko ordezkaritza osatzen dutenak. Aurreneko laurak dira finalaren aurreko hiru kanporaketak jokatu dituztenak, eta okerrik ez bada, laurek jokatuko dituzte finaleko hiru partidak ere: Lopetegik eta Egigurenek buruz buruko biak –frontoi osokoa eta zazpi koadroren barrukoa–, eta Martijak eta Alkortak binakakoa. Odriozola eta Aranbarri dira ordezkoak.
Finalera iristerik ez zuten espero azpeitiarrek. "Afari bat egin genuen txapelketa hasi aurretik. Han komentatu genuen probatzera aterako ginela, ea zertarako gai ginen, urtetik urtera hobetzen joango ginela, eta horrelakoak", azaldu du Lotepegik. "Bukaerarako txapela ere aipatu huan, e", bota du Odriozolak erdi txantxetan, guztien barre artean. Finala ezustean harrapatu dutela esatea, ordea, ez litzateke egia osoa, Lopetegik dioen bezala "egindako lanaren emaitza izan delako". Bat dator Odriozola: "Kanporaketak ikusi ondoren, ezin da esan ezustekoa izan denik". Elgoibar, Andoain eta Zumarraga gainditu ditu Azpeitiak finalerako bidean.
Igandean, berriz, Donostia izango dute aurrez aurre. "Talde oso ona dute, baita ordezkoak ere. Hala ere, esperantzak baditugu", dio Egigurenek.
Zaleei eskertuta
Eskuzkoa gertutik bizi duten zale gehienentzat gomazko paletakoa ‘beste’ Herriartekoa izan arren, pozik daude palistak lehen agerraldi honetan jaso duten babesarekin. Egigurenen hitzetan, "giro polita egon da partidetan, batik bat gazteek jende gaztea ekarri dutelako, eta etorri izan direnetan oso animatuta etorri dira". Martija, Alkorta eta Aranbarri dira, noski, "gazteak"; jubenilak dira hirurak. Aurreneko biak ohituta daude kadete zein jubeniletan txapelak irabaztera, baina seniorrak eta beteranoak izan dituzte parez pare Herriartekoan. "Asko antzematen da aldea", dio Alkortak, baina biak daude pozik esperientziarekin, Martijak esan bezala "gehiago ikasteko ere balio" izaten ari zaielako. Aranbarrik ez du debutatzeko aukerarik izan, baina "esperientziarekin oso gustura" dago.
Igandean Altzan herriko zenbat zale elkartuko den ez dakite, baina eskertu dute udalak doako autobusa jarri izana. Joan nahi dutenek ez dute aitzakiarik.