Autobusa jarri dute Azpeititik Herriartekoaren gomazko paletako finalera joateko

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 17a

Datorren igandean jokatuko du Azpeitiak txapelaren bila Donostiako Altzan eta udalak jarriko du garraioa, joan nahi duten zaleentzat. Korrale eta Mugari tabernetan eman behar da autobuserako izena.

Aurten lehen aldiz antolatu dute gomazko paletako txapelketa Gipuzkoako Herriartekoan, eta Azpeitia finalera iritsi da. Joan den ostegunean lortu zuten txapelaren bila lehiatzeko txartela azpeitiarrek, finalaurrekoan Zumarraga kanporatuta. Gaur zortzi, ekainaren 24an, Donostiako Altzako pilotalekuan jokatuko dute finala, eta hara joan nahi dutenentzat doako autobusa jarriko du Azpeitiko Udalak. 11:00etan hasiko da finala, eta autobusa 10:00etan irtengo da Azpeititik, anbulatorio aurreko geltokitik. Autobusean joan nahi dutenek izena eman behar dute, Korrale eta Mugari tabernetan. Gaur jakingo dute Azpeitiko palistek zer herrirekin neurtuko dituzten indarrak finalean, Hernanik eta Donostiak gaur jokatuko dutelako beren finalaurrekoaren itzulerakoa, Hernanin; Donostiak 1 eta 2ko abantaila lortu zuen joanekoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide