Irailean aurkeztuko dute Azpeitian AnnapurnaII_86 proiektuko dokumental berria

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 15a

'Ametsen harria' izena jarri diote Azpeitia-AnnapurnaII 1986 espedizioaren memoria berreskuratzeko iaz martxan jarri zuten egitasmoaren barruan osatutako lanari.

"AnnapurnaII_86 proiektua amaitzen" ari direla iragarri dute gaur Paradisu Zinema Azpeitiko zineklubak eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibak. Iaz jarri zuten martxan Azpeitia-AnnapurnaII 1986 espedizioaren memoria berreskuratzeko egitasmoa, bi eginkizunekin eta helburu nagusi batekin: "Batetik, 1986an mendizaleek grabatu zuten dokumentala berreskuratzea eta digitalizatzea; bestetik, abentura hura nola abiatu zen eta nola izan zen posible azaltzeko bigarren dokumentala egitea. Bi dokumentalen artean, 1986ko gertakari hura osatuta eta betirako jasota geratzea zen helburua". Finantzaketa kolektiboa abiatu zuten joan den udazkenean, proiektuari aurre egiteko behar zuten dirua eskuratzeko. Kanpaina hark eman zituen fruituekin eta erakundeen, elkarteen, norbanakoen eta enpresen laguntzarekin, lortu dute jarritako helburuak gauzatzea. Euskadiko Filmategian gordea zegoen 1986ko ikus-entzunezkoa berreskuratuta, dokumental berria egitea gelditzen zitzaien. Gaur aurreratu dutenez, "azken ukituak" ematen ari zaizkie Ametsen harria izenburua izango duen lanari, eta irailean aurkeztuko dute jendaurrean, Soreasu antzokian. Bideo honetan ikus daiteke Ametsen harria dokumentala izango denaren trailerra: https://youtu.be/1ISuBJMoPs8 AnnapurnaII_86 egitasmoak izan duen bilakaeraz azalpen zabala eman dute zineklubak eta Kulturazek Uztarria.eusen Komunitatean; proiektua gauzatzen lagundu dutenak banan-banan eskertzeko ere baliatu dute sarrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide