Xabier Arzalluzen gaineko dokumentala emango dute bihar Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 11

19:00etan hasiko da Munoandi elkarteak antolatutako saioa. Nerea Aldaik aurkeztuko du 'Xabier Arzalluz Antia. Euskadiko historia politikoa' ikus-entzunezkoa, eta Xabier Barandiaran soziologoak hartuko du hitza bukaeran.

Xabier Arzalluz, dokumentalean jasotako irudi batean. (Munoandi) Xabier Arzalluz politiko azkoitiarraren gainean egindako Xabier Arzalluz Antia. Euskadiko historia politikoa dokumentala emango dute bihar, asteartea, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 19:00etatik aurrera. Azkoitiarraren ibilbide politikoa eta azken 50 urteetako hainbat gertaeren inguruan dituen iritziak eta ikuspuntuak jaso dituzte, Arzalluz beraren ahotik, Donostiako Antiguako batzokiak sustatu eta bultzatu duen ikus-entzunezkoan. Joan den martxoaren 23an estreinatu zuten dokumentala, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta Arzalluz bera gonbidatu nagusi zela. Harrezkero, herriz herri ari dira ematen eta bihar Azpeitiaren txanda izango da, Munoandi elkarteak antolatutako ekitaldian. Zergatik egin zen abertzale eta zergatik aukeratu zuen Eusko Alderdi Jeltzalea; herri-eraikuntzari, Kataluniari eta Espainiari buruzko gogoeta; EAJ-z eta Ezker Abertzaleaz pentsatzen duena; ETA, estatu indarkeria, alderdien zatiketa, erabakitzeko eskubidea, Lizarra-Garazi; eta beste hainbat gai ere hizpide ditu Arzalluzek dokumentalean. "Katalunian egindako erreferenduma baino lehen amaitu zuten, eta iraganari ez ezik, etorkizunari ere egiten dio erreferentzia. Etorkizunean alderdiaren zeregina zein izan behar duenari buruz ere hitz egiten du Arzalluzek: Euskadi askatzea", azaldu dute Munoandikoek. Nerea Aldaik aurkeztuko du biharko saioa, eta Xabier Barandiaran soziologoak hartuko du hitza bukaeran; "dokumentalaren inguruko gogoeta nagusiak azpimarratuko ditu, eta gaur egun abertzaletasunak dituen erronkei buruz hitz egingo du" Barandiaranek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide