Meliton Rodriguez, Azpeitia Cup-eko antolatzailea. (Kris Fernandez)
Ate joka da aurtengo Azpeitia Cup txapelketa, eta urtero legez, gogotsu dabiltza prestaketa lanetan Meliton Rodriguez (Quintana de la Serena, Extremadura, Espainia) eta antolakuntzaz arduratzen den lantaldea. Mugikorra jo eta jo ari zaio egunotan Rodriguezi, eta une batez itzali egin du HITZAren galderei erantzuteko.
Txapelketa gerturatzen ari dela eta, urduri al zaude?
Pixka bat. Lan asko dugu egiteko azken egunotan. Talde guztiak deika ari zaizkigu azken momentuan, eta dena ondo antolatzea nahi dugu. Baina tira, lan horiek eginbeharrekoak dira, eta gainera, gustura egiten ditugu.
Zer nabarmenduko zenuke aurtengo txapelketatik?
Batetik, txapelketa nazioartekoa bilakatu dela. Bestetik, kimuen mailan, parte hartze altua nabarmenduko nuke, inoizko partaide kopuru handiena izango baitugu aurtengo txapelketan: mutilen txapelketan 40 talde ariko dira lehian, eta 35 nesketan. Eskaera gehiago ere izan ditugu, eta 50 taldeko txapelketa izatera iristeko aukera izan dugu, baina ezinezkoa izan zaigu denak onartzea.
Nazioarteko taldeen parte hartzeak salto kualitatiboa ematea eragin dio txapelketari. Nolatan sortu zen atzerriko taldeek parte hartzeko aukera?
Gure helburua hasieratik izan da Espainiako Lehen Mailako 20 taldeetako harrobiak ekartzea, eta hori lortu dugu. Beste helburuetako bat zen nazioarteko taldeak ekartzea; ilusio hori betidanik nuen. Talde askorekin ditut harremanak, eta Valladolideko Iscar Cup txapelketatik deitu zidaten Japoniako Yokohama F. Marinos taldeak Azpeitian jokatzeko interesa agertu zuelako. Gure aldetik arazorik ez zegoenez, gonbidatu egin genituen. Bai beraiek eta bai gu, oso gustura gaude.
Kimu mutilen txapelketan 40 taldek parte hartuko dute. Infantil neskenean, berriz, 35ek. Txapelketa indarra hartzen ari dela esan nahi al du horrek?
Bai, zalantzarik gabe. Ez da guk antolatzen dugulako, baina gaur egun, Azpeitia Cup txapelketa erreferentea da. Eta ez estatuan bakarrik, Europan ere bai. Txapelketan parte hartu nahi duten taldeen deiak jasotzen ditugu urte guztian zehar, eta horrek erakusten digu erreferentea dela gure txapelketa. Japonian Azpeitia ezagutu dute, eta hori ere garrantzitsua da.
Talde gehiago izateak, lan gehiago egitea al dakar?
Bai, bai. Lan asko dugu, baina eskerrak eman behar dizkiegu boluntario aritzen diren pertsona guztiei. Horiek egindako lanik gabe ezingo genuke txapelketa guztia aurrera eraman. Beti esan dugu ezohiko taldea garela: bost pertsonak osatzen dugu kluba. Horregatik, boluntariorik gabe, ezingo genuke ezer egin. Eta eskertzekoa da elkarte gastronomikoetatik jasotzen dugun laguntza ere. Bizitzan pertsona zoroek ere egon egin behar dutela esaten dut nik, eta zentzu horretan, gu zoroak gara. Herritarrek ez dute ulertzen horrelako txapelketa bat antolatzeak zer lan duen; ez da erraza, eta lan asko da. Txapelketa amaitu orduko, hurrengo urteko txapelketa prestatzen hasten gara; gure lanak ez du etenik.
Espainiako futbol talde handien harrobietako taldeen aurka lehiatzeko aukera izaten dute bertako taldeek. Talde txikiagoentzat garrantzisua al da aukera hori izatea?
Lagunarteko txapelketa da Azpeitia Cup, eta sorreratik garrantzia berezia eman nahi izan diegu giza balioei. Guk nahi duguna da Lagun Onak bezalako klub bateko ume batek izan ditzakeen ilusioei erantzuna ematea. Nola lor dezakegu hori? Adibidez, zazpi urteren buruan Bartzelona taldeko haur bat Lehen Mailan jokatzen ikus dezakegu, eta halakorik gertatuko balitz azpeitiarrek esan ahal izango dute: "Ni haren aurka lehiatu nintzen".
Emakumeen futbola sustatzeko pausoak ere eman dituzue azken urteotan. Helburu hori lortzeko, zer pauso eman dituzue?
Azpeitia Cupeko nesken txapelketak bost urte betetzen ditu aurten. Hasieran, Euskal Herriko taldeek soilik parte hartzen zuten, baina gerora, Espainiako taldeak ere hasi ziren lehiatzen. Mutilen txapelketa modu batean egiten zen, eta haren pareko txapelketa antolatzeko urratsa egin genuen neskenarekin. Aurten Azpeitira etorriko diren taldeen maila nabarmentzekoa da; izan ere, Bartzelona, Reala, Athletic, Espanyol, Rayo Vallecano, Errioxako selekzioa, Oviedo Moderno edota Osasuna ariko dira nor baino nor. Talde horiek, azken urteetan, izugarrizko lana ari dira egiten harrobiarekin, eta fruituak jasotzen hasi dira; gero eta maila hobea dute. Oso gustura gaude antolatu dugun txapelketarekin, eta aurrera begira nesken txapelketa ere nazioarteko bilakatzea nahi dugu.
Azpeitia Cup txapelketaren egunetan, zenbat lagun bertaratzen dira herrira?
Mutilen eta nesken txapelketak jokatzen diren bi asteburuetan, 5.000 bat pertsona inguru. Guk dakigunez, Azpeitiko, Azkoitiko, Zarauzko, Eibarko edota Ermuko hotelek eta ostatuek dagoeneko ez dute egun horietan lo egiteko tokirik. Azpeitia bezalako herri batentzat txapelketaren eragina izugarria da. Txapelketa diru iturri handia da hotelentzat eta ostalaritzarentzat.
Zeintzuk dira Azpeitia Cup txapelketaren antolatzaileok etorkizunerako dituzuen erronkak?
Batetik, nesken txapelketara nazioarteko taldeak ekartzea da gure helburuetako bat. Mutilen txapelketari dagokionez, berriz, Europako klub garrantzitsuen harrobietako taldeak ekartzea, hala nola Paris Saint Germain, Bayern Munich edota Manchester City. Ziur nago bi helburu horiek lortuko ditugula.
Txapelketen atarian, talde faboritorik ba al duzu?
Zaila da esatea, baina mutiletan Espanyol, Bartzelona, Betis eta Real Madril esango nituzke. Eta nesketan, berriz, Bartzelona, Osasuna eta Reala.