Martxan da Azpeitiko Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzua

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 4a

Udaletxeko lehen solairuan egokitu dute herritarrei arreta eskaintzeko bulegoa. Zerbitzu berriaren xedea da herritarrei arreta "integrala eta zentralizatua" eskaintzea eta administrazio prozedurak arintzea. Bulegoak ordutegi zabalagoa izango du aurrerantzean. Astegunetan 07:30etik 15:30era irekiko dute eta zapatuetan 09:00etatik 12:30era.

Azpeitiko Udaleko eta arreta zerbitzuetako ordezkari eta langileak. Gaur ireki ditu ateak Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuaren (HAZ) bulegoak. Aurrerantzean bertan erantzungo diete herritarren zalantzei eta eskari administratiboei. Hilabeteotan obrak egin ostean, udaletxeko lehen solairuan egokitu dute HAZ. Zerbitzu berriarekin herritarren eta Udalaren arteko komunikazioa eta harremana erraztea nahi du Udalak, baita Udal barruko administrazio prozedurak berrikustea eta arintzea ere. Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu duenez, xedea da "herritarrei arreta integrala eta zentralizatua" eskaintzea: "Herritarren behar, tramite edo zerbitzu orori leku bakar batean erantzungo zaio. Harreran egongo diren pertsonek hartuko dituzte herritarrak, eta haiek erantzungo diete herritarren beharrei". Udalaren hitzetan, "tramite sinpleenak nahiz teknikariekin hitz egin beharreko kontuak" arreta zerbitzuetako bulego berrian egingo dira, herritarrekin "kontu pertsonak" jorratzeko bulego berezi bat egokitu dutelako. Horrenbestez, zerga kontuak egitera ez da kontuhartzailetzara joan beharko. Hirigintzako obra baimenak ere bulego berrian egin beharko dira, gaurtik aurrera itxi egingo baitute Hirigintza Zerbitzuetara bideratutako atea. Gizarte Zerbitzuen saila izango da aldaketarik izango ez duen bakarra. "Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileen intimitatea bermatu nahi dugu; hitzordu pertsonal asko izaten dituzte, eta ohiko funtzionamenduarekin jarraitzea erabaki dugu", zehaztu du Elduaienek. Diru bilketari lotutako arretan nabarituko dira aldaketarik handienak. Izan ere, aurrerantzean posible izango da udaletxean ordainketa helbideratzea, zorrik ez edukitzearen ziurtagiriak jasotzea, ordainagiri bikoiztuak lortzea, autolikidazioaketa ordaindu gabe dauden ordainagiriak kudeatzea. "Orain artean ordaindu gabeko fakturak banketxeetan ordaindu eta ziurtagiria ekarri behar izaten zen udaletxera. Hemendik aurrera bertan ordaintzeko aukera izango da, eta asko erosotasun handia izango da herritarrentzat", adierazi du Elduaienek. Bulegoak ordutegi zabalagoa izango du aurrerantzean. Astegunetan 07:30etik 15:30era irekiko dute eta zapatuetan 09:00etatik 12:30era. Udazkenetik aurrera administrazio elektronikoa Administrazioa azkartu, eguneratu eta eraginkorrakoa egitera bidean, "pauso garrantzitsua" da HAZ abian jartzea Udalarentzat. Bide horretan beste urrats bat egitera doazela aurreratu du Udalak: udazkenean administrazio elektronikoa jarriko dute martxan udaletxean. Horrela azaldu du Aitor Bereziartua zinegotziak: "Administrazio elektronikoak aurrerapauso eta erosotasun handia ekarriko dio herritarrari, aurrez aurreko zerbitzuaz gain internet bidez tramite guztiak egiteko modua izango duelako, edozein ordutegi eta egunetan. Hori martxan jartzeko lanean buru-belarri ari gara orain". Zerbitzu horren inguruko informazioa aurrerago jakinaraziko dutela esan du Bereziartuak, eta azpimarratu du "herritarrek behar adinako informazio guztia" izango dutela eskura zerbitzua abian jarri aurretik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide