'Gurean' dokumentala Interneten ikus daiteke

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 1a

Gaurtik eta hilaren 23ra arte 'Berria'-ren webgunean izango da ikusgai animaliek jaietan jasaten duten tratua salatzea helburu duen lana. Besteak beste, Azpeitiko zezenketetan hartutako irudiak ageri dira bertan.

Gaur hasi eta hilaren 23ra arte, Askekintzaren Gurean dokumentala ikusi ahal izango da 'Berria'-ren webgunean. Lana herriz herri aurkeztua dute dagoeneko, besteak beste, joan den apirilean aurkeztu zuten Azpeitian. Orain, ordea, Interneten ikusgai jarri dute, lotura honetan. Egileen hitzetan, Gureanen xedea da "animalien erabileraren inguruko eztabaida sortzea eta herrietako tradizio horiek zalantzan jartzea". Horretarako, Euskal Herriko 30 herriko jaietan irudiak bildu dituzte, eta festa horietan animaliak nola erabiltzen diren gertutik erakutsi nahi izan diote ikusleari. Irudi horien artean daude Azpeitiko zezenketetan grabatutako batzuk. Besteak beste, Hernanin, Lezon, Saran, Astigarragan, Gasteizen, Bilbon, Altzan, Zumarragan eta Donostian grabatutako irudiek osatzen dute Gurean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide