[caption id="attachment_338321" align="aligncenter" width="300"]

Ane Irazabal kazetaria. (Munoandi)[/caption]
Ane Irazabalek (Arrasate, 1984) urteak daramatza berriemaile lanetan. Historia eta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasketak bukatuta, Palestinara joan zen freelance gisa. Handik Egiptora egin zuen jauzi, eta han zela hasi zen errefuxiatuen gaian sakontzen. Ordutik, gertutik jarraitu du afera.
Hainbat herrialdetan, bertatik bertara ikusi duzu errefuxiatuek bizi duten egoera. Zerekin egin duzu topo?
Historiako momentu jakin bat ikusi dut, zeinetan iritsiera handi bat izan den Ekialde Hurbilean piztu diren hainbat gerraren ondorioz eta Afrikan zein Asian pertsona askok bizi duten miseria tarteko. Drama humanitario eta politikoa da, lehendik ere bazena, baina azken hiru urtera arte ez du Europaren atea hainbeste jo. Gertatutakoak erakusten du Europak ez duela sinesten bere balio humanitarioetan, ezta gizaterian ere. Oro har, Europako Batasunak eman duen erantzuna lotsagarria izan da, ez da egon momentu historikoak eskatzen zuen mailan; ez du izan borondate politikorik funamentuzko erantzun bat emateko.
Zer paper hartu du Europak?
Poliziarena. Bere erantzuna izan da mugak esternalizatzea eta ateak ixtea.
Errefuxiatuekin une gogorrak bizi izango zenituen, ezta?
Oso gogorrak. Mediterraneo itsasoko erreskateak eta Lesbosen [Grezia] ikusitakoak oso gogorrak izan ziren. Eta Greziaren eta Mazedoniaren mugaldeetan dagoen Idomeni kanpalekuan pasatu genituen bi hilabeteak ere latzak izan ziren, errefuxiatuen drama lerroburuetatik ahanzturara nola pasatzen zen ikusi genuelako. Orain bizi duguna errefuxiatuen krisiaren kronifikazioa da: ohitu egin gara eta oraindik harrapatuta dauden milaka migratzaile ahaztu egin ditugu.
Zergatik ahaztu ditugu?
Italiako gobernuak eta Libiako miliziek akordio bat sinatu zuten iritsiera gelditzeko, eta azken urtean %78 jaitsi da Italiara doazen iheslarien kopurua. Horrek eragin du albisteek behera egitea, eta, bestalde, breaking newsaren diktadurapean bizi garenez, krisiaren kronifikazioak ez du hainbeste interes pizten.
Dena den, egunotan hainbat lagun erreskatatu dute Mediterraneoan.
Azken astean bai, bi mila erreskate inguru izan dira, baina iazko datuekin alderatuta, asko jaitsi da errefuxiatuen kopurua. Horrek esan nahi du Libian harrapatuta dauden migratzaileen egoera gero eta okerragoa dela. Eta miliziek, Italiako gobernuarekin sinatu duten akordioari esker, nahi dutena egiteko eskumena dute. Pertsonen trafikoarekin aberastu diren milizia berak dira horiek.
Mazedonian lanean ari zinela, atxilotu egin zintuzten.
Errefuxiatuek protesta martxa bat egin zuten mugaldera, eta muga zeharkatzea erabaki zuten. Han geunden 72 kazetari eta ekintzaile ere haiekin joan ginen. Mazedoniara iritsi ginenean, baina, zain genituen polizia eta armada. Errefuxiatu batzuk jipoitu eta bueltako bidea egitera derrigortu zituzten; eta guk, komisaldegira eraman ostean, isun bat ordaindu behar izan genuen. Luzea izan zen, baina ez genuen tratu txarrik jaso; gogorragoa izan zen errefuxiatuentzat.
Europak errefuxiatuekin beste era batera jokatuko zuela uste al zuen gizarteak?
Hona datozen migratzaile askok pentsatzen dute Europa erakunde bateratu bat dela, ez dakite estatu bakoitzak nahi duen gisan jokatu izan duela. Urteetan aldarrikatu da Europaren batasuna, baina hori horrela dela demostratzeko garaia iritsi denean, bakoitzak bere interesen arabera jokatu du; batez ere, hauteskunde interesen arabera. Ez da egon errefuxiatuen giza drama nola antolatu erabakitzeko benetako ahaleginik. Kuoten akordioa egin zuten, baina ez dute praktikara eraman; ez dute ezarri aferari aurre egiteko eta errefuxiatuak Libian harrapatuta ez uzteko politikarik. Italian, adibidez, inbasioaz hitz egiten dute orain, baina azken urteetan iritsi dena baino jende gehiago joan da herrialdetik.
Hori eskuin muturraren aldarrikapenetako bat da. Zergatik ari da horrela jokatzen?
Pobreen arteko gerra bilakatu da. Italiak oso gaizki pasatu du azken urteetan ekonomia krisiaren ondorioz, eta eskuin muturrak hori kapitalizatu egin du, egoeraren ardura kanpotik datozenena dela esanez. Munstro bat sortu dute, eta horrekin etekin politikoa ateratzen ari dira. Jendeak etsai baten beharra du, eta etsaiak bi dira: batetik, Europako Batasuna eta merkatuak; eta, bestetik, kanpotik datozenak.
Azken boladan Italian ari zara lanean. Nola ari zara bizitzen hango egoera politikoa?
Azken egunetako krisi politikoarekin nahiko lanpetuta eta galduta, inork ez baitaki zein norabidetan doan Italia. Argi dagoena da stablishmentaren aurkako alderdiek, eskuinekoek nahiz ezkerrekoek, pistu handiagoa dutela orain. Italia beti izan da oso herrialde europa zalea, eta azken urteetan Europaren aurkako sentimendua gero eta handiagoa da. Eskuin muturra hori guztia kapitalizatzen ari da, eta politikoki gero eta indar handiagoa du.
Zer eman dizu nazioarteko berriemaile izateak?
Izugarrizko ekarpena egin dit, asko gustatzen baitzait nire lana. Munduko lanik politena daukagu, denbora guztian jende berria ezagutzeko, errealitate desberdinekin harremana izateko eta berez dituzun estereotipo guztiak zalantzan jartzeko aukera ematen duelako. Zeure burua ere zalantzan jartzen duzu, ziurtzat jotzen duzuna eta ikusten duzuna ezbaian jartzen baitituzu. Eta ikusten duzuna jendeari kontatzeko aukera izatea ederra da. Gu zubi bat gara, pasabide bat, eta zorteduna naiz lan hau egiteko aukera dudalako.
Inoiz pentsatu al duzu berriemaile lana utzi eta Euskal Herrira itzultzea?
Itzultzen naiz, saiatzen naiz urtean hirutan-edo joaten. Dena den, oso pozik nago eta ez dut itzultzeko asmorik gaur-gaurkoz. Iritsiko da lasaitzeko unea, baina oraindik ez dut sentitzen momentua iritsi denik.