Ezin esan azken hilabeteetan geldirik egon direnik Azkoitiko Bizkargi musika eskolako eta Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolako ikasleak. Izan ere, azken hilabete eta asteetan hainbat entzunaldi eskaini dituzte, eta aste honetarako ere prestatu dute hitzordurik. Azpeitiko musikari gazteek emanaldi bakarra eskainiko dute. Azkoitikoek, aldiz, hiru. Bihar, asteazkena, eskainiko dute aurrenekoa.
Bizkargi musika eskolako perkusioko ikasleek eta haize metaleko ikasleek eskainiko dute aste honetako aurreneko entzunaldia, bihar. Musika eskolako entsegu aretoan izango da entzunaldia, 18:30ean hasita. Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolako haurrek ere bihar eskainiko dute aste honetarako prestatutako entzunaldia. Soreasu antzokiaren ondoko Dinamoa sormen gunean eskainiko dute emanaldia, 19:00etatik aurrera.
Ostegunean eta ostiralean, berriz, Azkoitiko Bizkargi musika eskolako piano ikasleen entzunaldiak izango dira Elkarguneko Oteiza aretoan. Osteguneko entzunaldia 19:00etan hasiko da, eta ostiralekoa, 18:00etan.