Arte garaikidea ardatz hartuta, Xabier Gantzarainek solasaldia eskainiko du ostiralean, hilak 15, Azpeitiko Gaztetxean. Euskal Herriko arte garaikideaz liburu bat idatzi berri du Gantzarainek, eta hura aurkeztuko badu ere, solasaldiak beste bide bat hartuko duela aurreratu dute Gaztetxeko kideek. Azaldu dutenez, "arte garaikideak gizartean betetzen duen funtzioaz, horrek duen erabilgarritasunaz eta artea egiteko moduaz" solastuko dira. "Hitzaldiaren xedea da elkarrekin artearen inguruan hausnartzea eta eztabaidatzea", azaldu dute. Azken ostirala dela jakitun, solasaldia ordubete aurreratzea erabaki du Gaztetxeak, eta horrenbestez, 18:00etan hasiko da hitzaldia.
Haren ostean, sabelak betetzeko tartea izango da. 20:30ean hasita afari begetarianoa egongo da, eta nahi duen oro hurbil daiteke Gaztetxeko kideek prestatutako jatekoa dastatzera.
Mikro irekiak itxiko du ostiralerako prestatutako egitaraua. Afaria amaitzean, olerki musikatuak, narrazioak, kantu herrikoiak eta bestelakoak eskainiko dituzte oholtzara igotzera animatzen direnek.