Zazpi poltsa, 35.000 euro

Mailo Oiarzabal 2018ko maiatzaren 18a

Kalean saltzen zebilela atxilotu zuten 2003an Bartzelonan Bubakar Sow Azpeitiko bizilaguna. 2010etik, sarekada hartan atxiki zituzten saltzaile guztien isuna ordaintzen ari da bera, bakarrik.

Bubakar Sow. (Mailo Oiarzabal) 2006an iritsi zen Euskal Herrira Bubakar Buba Sow (Mbour, Senegal, 1970), lanera. Siderurgia lantegiei zerbitzuak azpikontratatzen dizkien Zumaiako enpresa batentzat egiten du lan harrezkero. Zumaian bizi izan zen aurreneko hilabeteetan, eta geroztik Azpeitian bizi da. Hemen lankide dituen herrikideek bezala, etxetik eta etxekoengandik oso urrun aurkitu du Sowk bizimodua ateratzeko gaia, baina badu besteek ez duten gaineratutako zama nabarmena: soldataren zati bat bahitzen diote hilero, 35.000 eurotik gorako isun bat kitatzeko. 2010. urtetik ari da isuna ordaintzen. Dagoeneko 30.000 bat euro ordainduta dituela dio, eta "urtebete edo urtebete pasatxoan" kopuru osoa ordainduta izatea espero du. "Ez nuen ezer ulertzen" 2003an Bartzelonako Gracia pasealekuan atxilotu zuten Sow, kaleko saltzaile zebilela. Hiru urte lehenago iritsi zen penintsulara, Senegalen lan egiten zuen Espainiako banderadun itsasontzian. Vigon (Galizia) lurreratu zen; handik Almeriara (Espainia) jo zuen, eta hango berotegietan lan egitearen truke eskuratu zituen Espainiako estatuan legez bizitzeko behar zituen agiriak; eta horiek eskuetan hartu zuen Bartzelonarako bidea. Kataluniako hiriburuan ez zuen lanpostu finko antzekorik lortu; batean eta bestean aritu zen, baina jarraipenik gabe eta lanik gabeko tarteekin. Horrela, kalean saltzen zebilela, atxilotu zuten. Marka ezagun baten imitazioko zazpi poltsa bahitu zizkion poliziak; gerora, benetakoen prezioan ordaindu ditu. Sarekada batean atxilotu zuten Sow, saltzaile gehiagorekin batera. "Ez dut gogoan zenbat ginen, sei edo zazpi, agian", dio. Bi eguneko atxiloaldiaren ondoren eraman zituzten epailearengana, eta aske utzi zituzten. "Esan ziguten horrela geldituko zela kontua. Abokatuak esan zidan ez kezkatzeko, zazpi poltsa baino gehiago ez badizkizute harrapatzen ez dagoela zigorrik; isuna jasoko nuela, eta hala izan zen, 800 euro ordaindu nituen, 2006an". 2010ean, ordea, "kolpe handia" iritsi zitzaion Azpeitiko bizilagunari. "Enpresak abisua pasatu zidan, nire soldata bahitzeko agindua jaso zuela esanez. Guztira, 35.000 eurotik gora zor nuela. Agindua Bartzelonatik iritsi zela esan zidatenean, ez nuen ezer ulertzen. Ezin nuen imajinatu zer arrazoirengatik izan nezakeen halako isun bat. Banekien ez nuela halako isun handia jasotzeko ezer egin. Kalean saltzen harrapatu ninduteneko hargatik ezin zidaten eskatu halako kopururik. Hura ahaztuta nuen". Azpeitian, "bizi nintzen etxearen aurrean 'abokatua' irakurri eta bi aldiz pentsatu gabe joan nintzen, agiriekin". Abokatu hark aholkatuta joan zen Bartzelonara, kontua argitze aldera. 2003an defendatu zuen abokatuarekin hitz egin zuen han. "Harekin hitz eginda jakin nuen epaiketa bat izan zela, baina niri inork ez zidan deitu epaiketara azaltzeko; eta, azaldu ez nintzenez... Kontua da, nirekin batera atxilotu zituzten guztiei zegozkienak ordainarazi dizkidatela niri". Eta horrela da. Sow Zumaian lanean hasi zenean atera zuten haren arrastoa epaitegiek, baina ez da gauza bera gertatu harekin batera atxilotu zituztenekin. "Haiek lanik egiten ez dutenez, batzuek agiririk ez daukatenez, edota ezin izan dituztenez topatu, isunak bateratu eta niri egotzi dizkidate guztiak", azaldu du. Esperantza handirik ez Berari gertatu zaionaren antzeko zerbait gertatu zaion norbait ezagutzen al duen galdetuta, ezetz dio. "Mila euroren bueltako isunak ordaindu dituztenak bai, ezagutzen ditut. Baina horrelako kopuru bati aurre egin behar izan dionik ez dut inoiz ezagutu". Azpeitian dituen lagunek animatuta, hemengo abokatu batzuengana jo du Sowk. Errekurtsoak aurkezteko-eta epeak iraungita, bere kasuak "konponbide zaila" duela esan diote. Ordaindutakoaren zati bat berreskuratzeko aukera bakarra litzateke Bartzelonan berarekin batera atxilotu zituztenak lokalizatzea, baina ez dauka hori gertatuko denaren esperantzarik. "Nahi dudana da niri dagokidan isuna bakarrik ordaintzea, nire kondenaren zatia. Besteen errua ordaintzea ez dagokit niri; bilatu ditzatela eta ordain dezatela haiek berea. Baina, noski, nor hasiko da orain haien bila, ni ari naiz-eta dena ordaintzen", egin du gogoeta. Gauzak horrela, gertatu zaiona jakinaraztea eta salatzea da, momentuz, gelditzen zaion bakarra. "Ordaintzea bukatzea eta kontu hau atzean uztea besterik ez dut nahi", dio etsita. Eta Senegalera itzultzea, emaztea eta 11 eta 18 urteko bi alabak bisitatzera. 2014an ikusi zituen azken aldiz. "Isuna ordaintzen ari naizela, oso zaila da hara itzultzeko dirua aurreztea", kontatu du. Soldata finkorik ez du, lan egindako egunen eta orduen arabera kobratzen du hilero; hilabetearen arabera, «batzuetan 300 euro, besteetan 400» bahitzen dizkiote, isuna ordaintzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide