Bihar, maiatzak 17, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Horren harira, mozioa onartu zuen atzo Azpeitiko Udalak; maiatzeko udalbatzarrean, aho batez onartu zuten EH Bilduren eta EAJren ordezkariek lesbofobiaren, homofobiaren eta transfobiaren aurkako idatzia.
"Azpeitiko Udalak aldarrikatu nahi du guztiok garela ezberdinak, guztiok gara bakarrak mundu honetan, eta garen moduan maitatuak izatea merezi dugula", dio mozioaren pasarte batek. Homofobia, lesbofobia eta transfobia "ozen eta argi gaitzetsi" eta halako adierazpenei aurrea hartzeko sentsibilizazio lana eta neurriak bultzatzeko konpromisoa adierazi du udalak.
Udalak ez ezik, Azpeitiko Hezkidetza Foroak ere plazaratu du eragile ezberdinen artean adostu duten adierazpena. Horrekin batera, ikastetxeetako autoantolaketa taldeekin "barrura begirako lanketa egin" dute aurten. Iaz plazara atera zituzten aldarrikapenak, baina aurten ikastetxeetan egin dute lanketa eta ikastetxeetan ari dira gauzatzen, era berean, biharko egunaren harira prestatu dituzten egitasmoak. Besteak beste, rolak hausteko, esperimentatzeko eta aniztasuna bistaratzeko jolasak, bideo emanaldiak eta gaiaren gaineko galdera-erantzunetan oinarritutako horma irudiak margotzea dira ikasleek egingo dituztenak. Guztiak, biharko egunerako aukeratu duten lelopean:
Naizena naizela, maitatua.
Udalaren mozioa
Hau da, osorik, udalak atzo onartutako mozioa:
"Maiatzaren 17a homofobiaren eta transfobiaren aurkako mundu eguna da, hain zuzen, duela 27urte Munduko Osasun Erakundeak (OMS) homosexualitatea buru-gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuelako, eta horixe ospatzeko antolatzen da egun hau. Bai eta oraindik ere homofobiaren eta transfobiaren aurrean egiteko dugun lana oroitarazteko ere.
Itxuraz homosexualitatearen eta transexualitatearen errealitateak gure jendartean agerian jartzen hasiak badira ere, homosexuala edo transexuala izatea errealitate gogorra da oraindik ere, batez ere gure haur eta gazte askorentzat. Izan ere, homofobia eta transfobia pil-pilean daude gure harremanetan. Datuek argi erakusten dute indarkeria homofoboaren eta transfoboaren indarra eskola-garaian:
- Euskal gazteen artean egindako ikerketek erakusten duten moduan, homosexualekiko eta transexualekiko aurreritzi negatiboak oso zabalduta daude oraindik ere.
- Gazte homosexual gehienek onartzen dute eskolan jazarpena jasotzen dutela, eta gertuko inguruan, familian, lagunartean... nahikoa babesik ez dutela jasotzen.
- Haur eta gazte transexualen suizidio saiakera tasa beren adineko gainerako haur eta gazteena baino 8 aldiz handiagoa da, eta 3 aldiz handiagoa haur eta gazte homosexualen kasuan.
- Haur homosexual eta transexualek sexu-gehiegikeriak jasotzeko arrisku handiagoa dute.
Baina, gainera, garrantzitsua da konturatzea homofobiak eta transfobiak gu guztiongan eragiten dutela. Homofobiak zigortzen eta debekatzen du gure seme-alabek (eta bereziki mutilek) nahi duten jostailua, nahi duten kirola, nahi duten laguna aukeratzea,
maricon edo marimutil bezalako irainen mehatxupean.
Horregatik, Azpeitiko Udalak aldarrikatu nahi du guztiok garela ezberdinak, guztiok gara bakarrak mundu honetan, eta garen moduan maitatuak izatea merezi dugula, izan homosexual, transexual, gonak jantzi...
Horregatik, Azpeitiko Udalak:
- Ozen eta argi gaitzetsi nahi ditu homofobia, lesbofobia eta transfobia adierazpen mota guzti-guztiak.
- Sentsibilizazio lan iraunkorra egiten jarraituko du, Udaleko sail ezberdinetatik bultzatzen diren proiektuen bidez.
- Herriko ikastetxe guztiei baliabideak eskainiko dizkie homofobiari aurre hartzeko.
- Homofobia kasuen aurrean esku-hartzea koordinatzeko zerbitzuak indartuko ditu, gazteengan arreta berezia jarriz".
Hezkidetza Foroaren adierazpena
Eta hau da Azpeitiko Hezkidetza Foroak plazaratu duen irakurketa:
"Maiatzaren 17an Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatuko dugu Azpeitiko ikasle, guraso, irakasle eta herritarrok. Ospatzeko eguna da Maiatzak 17, egun horretan, 1990. urtean, ezabatu zuelako Osasunerako Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik. Eta ospatu nahi dugulako urtez urte, lesbianok, homosexualok, bisexualok eta transexualok gero eta ikusgarritasun eta onarpen gehiago dugula gure jendartean.
Baina salaketa eguna ere bada, izan ere, sakona baita oraindik heterosexualitatearen arautik eta gizon edo emakume aukera binariotik kanpo kokatzen garen pertsonok gaur egun eta hemen pairatu behar izaten dugun diskriminazioa eta zapalketa. Egunerokoan jasotzen ditugun bazterketak zerrendatzeak luzeegi joko luke, baina azpimarratu nahi genuke gure inguruan eskubide legal gehienak eskuratu baditugu ere, egunerokoan, gure bizitza zailagoa eta gogorragoa izatea eragiten duten begiradak, komentarioak, isekak, eraso fisikoak eta mota guztietako bazterketa sozialak jasan behar izaten ditugula.
Oraindik, homofobiaren eta transfobiaren eraginez urtero bere buruaz beste egin behar izaten dute, jendarte honetan bizitzea gogorregi egiten zaielako. Eta oraindik, munduko hainbat herrialdetan homosexual, lesbiana, bisexual edo transexuala izatea nahikoa arrazoi dela legalki kartzelara edo heriotzera zigortuak izateko. Horregatik, aurten berriz ere, aldarrikatu nahi dugu, garena garela, maitatuak izatea merezi dugula".