'Shine Again' obrako kideak. (Bigoterik Gabea)
Azkoiti-Azpeitiko kidez osaturiko Bigoterik Gabea taldearen
Shine Again antzerki musikalak sari bat eskuratu du Coca Cola fundazioak antolatutako Buero sarietan. Hain zuzen ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako obren artean onena izendatu dute, eskolaz kanpoko mailan. Sari horien hamabosgarren edizioa izan da aurtengoa, eta, guztira, 379 taldek eta 7.500 gaztek baino gehiagok parte hartu dute bertan. Sari horien helburua da gazteen artean antzerkirako grina zabaltzea eta sustatzea.
Bigoterik Gabea taldekoak obra berriarekin lanean ari dira dagoeneko, baina duela bi urte estreinatu zuten
Shine Again antzezlanarekin eskuratu dute saria. Maiatzaren 26an, sari banaketa egingo dute Sendavivan (Arguedas, Nafarroa), eta bertan izango dira antzerki taldeko kideak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako saria eskuratu dutenez, Espainiako Txapelketara igaro da Bigoterik Gabea. Epaimahaiak antzerki obra batzuk aukeratuko ditu bertan, eta talde horiek Madrilen antolatuko den Gazte Antzerki Astean eta antzerki udalekuetan parte hartuko dute uztailean. Aukeratutako taldeek antzerki munduko hainbat profesionalekin ikasteko aukera izango dute.