Oier Etxeberria, Eibarren jokatutako kanporaketan. (Topatu)
Amaitzear da aurtengo Plazatik Gaztetxera txapelketa. Bihar, hilak 12, jokatuko da bertso sariketaren finala Ondarroako gaztetxean, eta han izango da Oier Etxeberria bertsolari azpeitiarra.
Eibarren jokatutako kanporaketan eskuratu zuen finalerako txartela Etxeberriak, bigarren sailkatu baitzen Jokin Bergararen atzetik. Saio hartan lehen hiru sailkatuek lortu zute finalerako txartela. Beste hiru finalistek Deban jokatu zen bigarren finalerditik sailkatu ziren biharko finalera. Beraz, sei bertsolari izango dira kantuan azken saioan: Manex Astigarraga, Jokin Bergara, Aitor Zubikarai, Ane Beloki eta Urko Arregi.
Finala 18:00etan hasiko da, baina bertsoaren bueltan egun osorako festa antolatu dute Plazatik Gaztetxera txapelketaren antolatzaileek. 12:00etan hasita bertso poteoa egingo dute, eta 14:30ean bazkaria. Haren ostean igoko dira oholtzara aurtengo sei finalistak.
Maiatzaren 5ean hasi zen aurtengo Plazatik Gaztetxera Oñatin. Saio haren ondoren geldialdia egin du Zestoa, Soraluze, Itziar, Eibar eta Debako gaztetxeetan, eta Ondarroan amaituko du ibilbidea.