Zozketa bidez parte hartu ahal izango da Azpeitiko sagardo eta ardo dastaketetan

Urola Kostako Hitza 2018ko maiatzaren 9a

Inaziotar Bideko Jardunaldi Enogastronomikoen barruan egingo dituzte doako bi saioak zapatuan, 13:00etan sagardoarena eta 19:00etan ardoarena, Azoka Plazan. Bakoitzerako zortzi txartel bikoitz zozketatuko dituzte. Ostiral eguerdian egingo dute zozketa eta ordura bitartean eman daiteke izena.

Inaziotar Bideko Jardunaldi Enogastronomikoak egingo dituzte zapatuan eta igandean Azpeitiko Azoka Plazan. Jardunaldi horien barruan, besteak beste, bi dastaketa komentatu egingo dituzte zapatuan: jatorri izeneko euskal sagardoena, 13:00etan; eta Arabar Errioxako produktuena eta ardoena, 19:00etan. Bi dastaketak doakoak dira, baina parte hartzeko tokiak zozketa bidez banatuko dituztela jakinarazi du Azpeitiko Turismo Bulegoak. Dastaketa bakoitzerako zortzi txartel bikoitz zozketatuko dituzte; dastaketa bakoitzeko hamasei lagunentzako tokia egongo da, alegia. Zozketan parte hartzeko, info.turismoa@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 688 87 48 61 telefonora deitu behar da, izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbaki bat utzi, eta zein dastaketetan parte hartu nahi den adierazi. Ostiral eguerdian egingo dute zozketa eta ordura bitartean eman daiteke izena. Zozketan aukeratuak izaten direnek zapatu goizean jaso ahalko dituzte dastaketetarako txartelak, Azoka Plazan jarriko duten informazio gunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide