Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak datorren hilabeterako agendan bi hitzordu ditu dagoeneko. Maiatzaren 6an, igandez, gaztetxoentzako egun pasa egingo dute Urkiolara. Parte hartzaileak Atxondoko Axpe (240m) auzotik abiatuko dira oinez, eta Artola lepotik (635m) igaro ondoren, Urkiolagirre tontorrera (1011m) iritsiko dira. Zortzi kilometro inguruko ibilaldia izango da hori. Gero, beste bi kilometro egingo dituzte, Urkiola mendatera (710m) iritsi arte.
Irteerara animatzen direnek 09:00etan hartuko dute autobusa anbulatorio aurrean. Izen ematea lehendik egin behar da,
www,lagunonakmb.org webgunean. Lagun Onak MBren bazkideek 3 euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoek 4 euro.
Azpeitia-Bilbo egitasmoaren bosgarrena
Azpeitiko mendizaleek antolatutako Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoaren bosgarren etapa ere ate joka dator. Maiatzaren 12an egingo dute Bermeotik Bakio arteko ibilbidea, eta bertan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 10a baino lehen eman beharko dute izena.
Bosgarren etapan parte hartuko duten lagunak autobusez irtengo dira Bermeora, 08:00etan anbulatorioaren aurretik abiatuta. Hara iristean hasiko dira ibiltzen, eta Matxitxakorantz hartuko dute. Handik Gaztelugatxera, eta Bakiora mugituko dira gero. Parte hartzaileak 16:00-16:30erako bakion izango direla aurreikusten du Lagun Onak MBk
Ibilbidean bi geldialdi egingo dituzte. Aurrena 15 minutukoa izango da, hamaiketakoa egiteko baliatuko dutena. Bigarrena, berriz, 30 minutukoa, bazkaltzeko erabiliko dutena. Norberak eraman beharko du jatekoa.
Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoaren bosgarren etaparako izena
www.lagunonakmb.org webgunean edo Xiriako gozotegian eman daiteke. Mendi bazkunako bazkideek 8 euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta bazkide ez direnek, berriz, 10 euro.