Izarraizko probarako gogoz

Gipuzkoako HItza 2018ko apirilaren 27a

Nuria Picas mendiko korrikalaria Izarraitz mendi lasterketan lehiatuko da etzi, Alpeetatik itzuli berritan, eta hitzaldia emango du bihar, Azpeitian, bere ibilbideaz. Gipuzkoako Hitzak erreportajea argitaratu du.

Nuria Picas, 2013ko Mont Blanceko Ultra Trail lasterketan, bigarren helbugaratu berritan. (Hitza) Ultratrail probetako munduko korrikalaririk onenen artean daukate askok Nuria Picas (Manresa, Katalunia, 1976), eta lasterkariarentzat “ohorea” da maila horretan lehiatzea. Izarraitz mendi lasterketan parte hartuko du etzi, zeina elkarlanean antolatzen duten Azpeitiko Lagun Onak eta Azkoitiko Anaitasuna mendi bazkunek, eta hitzaldia emango du Azpeitiko Soreasu antzokian, bihar, 19:00etan. Irudien eta hitzen bitartez, Picasek bere kirol ibilbidea azalduko du, Ainhoa Lendizez kirolari eta kazetariak gidatuta. Estreinako aldiz izango da korrikalaria Azkoitia eta Azpeitia arteko mendilerroan egiten den 25 kilometroko proban. Korrikalariak hainbat mendi maratoi gorriz markatuta ditu denboraldi honetako egutegian, eta horietarako prestaketa gisa baliatuko du igandeko proba; Picasek aitortu du Izarraitz mendi lasterketa "kalitate oneko entrenamendua" izango dela. Katalanarentzat "berezia" izango da etziko lasterketa, eta "gogotsu" dagoela aitortu du. Izan ere, ondo ezagutzen ditu Euskal Herriko mendiak, eta "gustura" sentitzen da bertako txokoetan. 2013an, esaterako, bigarren egin zuen Zegama-Aizkorri mendi maratoian, eta katalanak oroitzapen onak ditu ordutik. "Bihotzean daramadan proba da". Proba hori maiatzaren 27an jokatuko da aurten, baina Picasek ez du parte hartzerik izango, agenda kontuengatik: "Beste lasterketa bat daukat Menorcan, baina Zegama-Aizkorrin aritzen diren lagun asko ditut, eta gertutik jarraituko dut proba. Urtero egiten da Zegama-Aizkorri, eta itzuliko naiz, ziur". Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide