Ezkerretik eskubira, Andrea Pozo, Jose Mari Unanue, Jon Kustodio, Julen Hidalgo eta Djuniet Astigarraga. (Maialen Etxaniz)
Duela urtebete hasi zen gorpuzten Silence, Azkoiti-Azpeitiko musika taldea, baina dagoeneko hasi du bere hegaldia. Ekin berri duen ibilbidean, geldialdi garrantzitsu bat egingo du gaur gauean Bilboko Kafe Antzokian. Izan ere, Gaztea irratiak antolatutako Maketa Lehiaketaren finalean izango dira Silence osatzen duten bost musikariak. Oholtzara igotzeko "gogotsu" daude, "dena emateko pronto". Andrea Pozo (Azkoitia, 1997) arduratzen da isiltasunari ahotsa jartzeaz, Jose Mari Unanuek (Azkoitia, 1997) teklak laztantzen dituen bitartean; Julen Hidalgo (Azpeitia, 1998) da bateria-jotzailea, Djuniet Astigarraga (Azkoitia, 1997) gitarra-jotzailea, eta baxuaren doinuak Jon Kustodio Kustok (Azkoitia, 1992) jartzen ditu. Musika mota ezberdinen entzule eta jarraitzeile dira, baina badago elkartzen dituen zerbait: musikarekiko pasioa. Zaletasunak batu zituen bostak, eta zaletasunak eraman ditu gaurko finalera.
Astigarragaren grinak piztu zuen ondoren Silence izango zena. Hala azaldu du gitarristak: "Lockheed taldean rocka eta bertsioak jotzen nituen lehen, baina talde hura utzi ostean, rock doinuetatik alde egitea nahi nuen, beste musika estilo bat sortzea. Hidalgorekin harremanetan jarri nintzen orduan. Era berean, emakume baten ahotsa izango zuen talde bat sortzea interesgarria eta berezia iruditzen zitzaidan, Azkoitia-Azpeitia inguruetan emakume ahotsa duten talde gutxi daudelako. Andrearengana jo nuen orduan. Teklen presentzia ere nahi nuen, eta Jose Mari animatu nuen proiektura. Ia urtebete egon gara baxu-jotzailerik gabe entseatzen, baina orduan iritsi zen Kusto".
https://youtu.be/YvbrcvIT0uQ
Kustodio The Friday’s Crew taldeko gitarra-jotzailea da, urteetan zehar punk oi! doinuetan aritutakoa. Hark eraman du kaleko doinuen oihartzuna Silencera: "Ni kaleko musika jotzetik nator –punk, street punk, oi!– , baina interesgarria iruditu zitzaidan Silencen proiektua. Djunietek azaldu zidan indie eta postpunk musika sortzen ari zirela. Entsegu batera joatea erabaki nuen orduan, eta oso gustura itzuli nintzen handik. Sortutako abestiak eta egiten ari ziren kantuak ezagutu nituen gero. Lau hilabete inguru daramat entseatzen; denbora gutxi da, baina gustura ari naiz".
Abestietako hitz gehienak Pozok sortutakoak dira, eta hark jartzen die ahotsa. Norberak idatzitako abestiak "errazago eta sentimendu gehiagorekin" abesten direla pentsatzen du, eta horrek eragina duela entzulearekiko transmisioan: "Nik idazten ditudan hitzak oso ilunak izan ohi dira, baina ez dira tristeak. Indarra transmititzen dute, eta ez tristura. Entzulearengana iristea da garrantzitsuena niretzat". Unanuek eta Kustodiok ere idazten dituzte abestiak, baina Unanuerenek antzekotasun handiagoa dute abeslariak sortutakoekin. "Nire abestiek, Kustorenak ez bezala, ez dute istorio jakin bat kontatzen. Finean, idazteko teknika ezberdinak ditugu. Batzuk besteak baino zuzenagoak dira mezuetan", azaldu du Unanuek.
Kontzertu egarriz
Maketa Lehiaketara hiru abestiz osatutako lana aurkeztu zuten, eta harekin iritsi dira finalera, entzuleen bozei esker. Baina dagoeneko potoldu dute hiru kantu zituen zerrenda. Orain, orotara, 11 abesti dituzte beren errepertorioan. Horiek hara eta hona eramateko irrikaz daude, kontzertu egarriz.
Musika taldeentzat ez da ohikoa final handi batean eskaintzea aurreneko kontzertua, baina hori da Silencek gaur egingo duena. Astigarraga, Pozo, Hidalgo, Unanue eta Kustodio lehenengoz igoko dira oholtzara elkarrekin, beren maketa "ahalik eta ondoen defendatzera". Beste lau talderekin lehiatuko dira gaurko saioan. Finalaren atarian, "gogotsu" dago taldea, eta batez ere, "gozatzera irteteko prest". Hala dio Hidalgok: "Ez gara pentsatzen jarri finala irabaziko dugun edo ez. Kontzertua ematera eta ondo pasatzera goaz batez ere. Hori bai, ezin ukatu taldea ezagutzera emateko izugarria izango litzatekeela Maketa Lehiaketa irabaztea".
Aurrera begira jarrita, diskoa kaleratzeko asmoa dute Silenceko artistek; barrutik zein kanpotik, "disko berezia" izango dela diote. Hori hala izan dadin, argi dute autoekoizpenari helduko diotela. Disko horretan bilduko dituzte egindako abesti guztiak, eta aurreratu dutenez, "laster" ekingo diote proiektua sortzeari. Bitartean, bere doinuekin isiltasuna hausten jarraituko du Silencek.