Mikel Reparaz: "Bost urtez AEBetako egunerokoa kontatzea izugarria izan da"

Ainitze Agirrezabala 2018ko apirilaren 26a

Munoandi elkarteak hitzaldi zikloa antolatu du, eta Mikel Reparaz kazetariak (Arbizu, Nafarroa, 1975) eskainiko du lehen saioa gaur, Sanagustinen, 19:00etan. AEBetan bizitako esperientziaz ariko da.

Mikel Reparaz AEBetan berriemaile aritu da bost urtez. (Argazkia: ETB) Trumpen Amerika munduaren aurrean hitzaldia eskainiko duzu gaur. Zer kontatuko duzu? Barack Obamaren eta Donald Trumpen garai edo zubi hori bizitzea tokatu zait AEBetan, eta nire esperientziatik bi gauza azaltzen saiatuko naiz: batetik, gauzak nola aldatu diren Obamaren garaitik Trumpenera, eta zerk eragin duen azken horren garaipena. Eskubide zibiletan edo arrazakeriaren aurkako borrokan Obamak aurrerapauso batzuk eman zituen, baina AEBetako gehiengo kontserbadore zuriak erreakzio bat izan zuen Obamak irudikatzen zuen horren aurka, eta azalduko dut Trump Obamaren ondorio bat dela. Aldaketa hori, noski, nazioartean izugarrizko eragina ari da izaten, AEB munduko potentzia handia delako. EITBrentzat berriemaile aritu zara AEBetan, bost urtez. Zer moduzko esperientzia izan da? Profesionalki oso aberasgarria. Nik beti egin dut lan nazioartean; ikasle nintzela Balkanetara joan nintzen hango gatazkaren berri ematera. Bost urtez AEBetako egunerokoa kontatzea izugarria izan da niretzat, garai historiko garrantzitsua bizi izan baitute bertan. AEBetako 50 estatuetan aritu naiz lanean; eta hori sekulako zortea eta esperientzia da kazetari bezala. Pertsonalki ere oso interesgarria izan da. 11 eta 7 urteko bi seme ditut, eta familia guztia egon gara han. Euskal Herritik kanpo bizitzeak haien hezkuntzan eta mundua ikusteko moduan nola eragin duen ikustea oso aberatsa izan da, nahiz eta  kanpoan bizi zarenean gauza asko sumatu faltan. Zer iritzi duzu Trumpez? Trump da AEBetako sektore kontserbadorearen eta populazio zuriaren erreakzio bat Obamak irudikatzen zuen guztiaren aurrean. Trumpek AEBetako gizartean mamu asko esnarazi ditu. Esaterako, garbi ikusi da AEBetan arrazakeriaren gatazka ez dagoela garaitua, eta, gainera, Trumpek posizioa hartu eta areagotu egin du arazoa. Eztabaida horrek AEB erabat zatitu du, eta azpimarratu nahi dut fenomenoa globala bilakatu dela. Izan ere, mugimendu populisten eta, zenbait kasutan, faxisten gorakada eta eskubideen murrizketak leku askotan ari dira gertatzen, baita Europan ere. Zer balantze egiten dute AEBetan Trumpen alde egin zutenek zein kontrakoek? Esango nuke botoa eman zion, gehiengoak, behintzat, ez duela inolako damurik erakutsi. Kontuan hartu behar da Trumpek hauteskundeak irabazi zituela Hillary Clintonek baino hiru milioi boto gutxiagorekin; beraz, gehiengo sozialaren babesa ez zuen jaso. Trumpek oso babes txikia du gizartean, oro har, baina bere jarraitzaileek %100ean babesten dute. Eta horren arrazoia da AEBetako ekonomiak gora egin duela eta langabeziak behera. Alabaina, Trumpen aurka jende eta kolektibo askok bat egin du –demokratek, errepublikanoek, ezkerrekoek, baita eskuinekoek ere– eta Trumpen aurka erresistentzia mugimendu zabala sortu da. Trumpek komunikabide handi askorekin duen jarrera oldarkorrak nola eragin du kazetaritza egiteko moduan? Hedabideen aurka duen jokaera oso potentea da. Eraikuntzaren munduan aberastu den enpresaria da Trump, baina, beste aldetik, bere aurpegia ezaguna da showman bat delako. Berak beti esan izan du nahiz eta berataz gaizki hitz egin, berataz hitz egitea dela garrantzitsuena, eta hori muturreraino eraman du. 300 erlijio baino gehiago praktikatzen eta 500 hizkuntza inguru hitz egiten dira AEBetan. Biztanleen %99 etorkinak dira edo haien oinordekoak. Zer da AEB zuretzat? Iruditzen zait gizarteak historian izan duen esperimenturik interesgarriena dela AEB, eta, batez ere, New York. Azken hori kulturalki erreferente bat da munduan. Iruditzen zait AEBek duten aniztasunagatik izugarrizko aberastasuna duela. Gizarte modernoaren konkista asko AEBetatik datoz; LGBT komunitatearen eskubideak aldarrikatzen, esaterako, New Yorken hasi ziren. Alde negatibo asko ikusten dizkiegu AEBei, baina aberastasun askoren sorlekua da. Trumpen izendapenak zer aldatu du AEBetan? Asko aldatu dira gauzak, baina ez bakarrik Trump iritsi denetik, aurretik datorren kontua da. 2008an Obamak bere lehen hauteskundeak irabazi zituenean ere han izan nintzen berriemaile. Jendearen ilusioa izugarria zen, lehen presidente beltza Etxe Zurira iritsi zelako. Arrazakeriaren gatazka eta gerra zibila AEBetan amaitu zirela idatzi genuen orduan kazetari askok hedabideetako titularretan. Aurreneko legealdian esperantza horrek jarraitu zuen; bigarrenean, ordea, ikusi genuen Obamak ez zituela bete gizarteak eta zenbait kolektibok zituzten asmoak, eta 2014an hasi ziren arrazagatiko istiluak. Egoera asko okertu zen, eta esango nuke bai Obamak, bai Trumpek gizartea zatitu zutela. AEBetan hartutako erabakiek nola eragiten dute munduan? Zuzenean eragiten digute neurri askok; Trumpen America First [Amerika aurrena] merkataritza politika protekzionistak, esaterako. Trumpek iragarri du muga zergak ezarriko dizkiola altzairuari. Euskal Herriko enpresa askok altzairua ekoizten dute, eta AEBek halako muga zergak ezartzeak esan nahi du Europan eta, zehazki, Euskal Herrian lanpostu asko desagertuko direla. Kultura politikari eta demokraziaren bilakaerari dagokionez ere eragin handia du AEBetan gertatzen denak. Zoritxarrez edo zorionez, neurri handi batean AEBen kulturaren aterkipean bizi gara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide