Mikel Reparaz kazetaria. (Mundoandi elkartea)
Azpeitiko Munoandi elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu datozen aste eta hilabeteetarako, hala nola hitzaldiak eta dokumental emanaldiak. Bihar ekingo diote prestatutako hitzaldi sortari, Mikel Reparaz (Arbizu, 1975) kazetariaren hitzaldiarekin.
Trumpen Amerika munduaren aurrean izenburupean arituko da hizketan kazetari nafarra Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Onintza Segurola kazetaria arduratuko da solasaldia aurkezteaz eta gidatzeaz. Interesa duen oro hurbil daiteke Munoandik antolatutako solasaldira.
2013tik Amerikako Estatu Batuetan berriemaile lanetan ibili ostean, Euskal Herrira itzuli berri da Mikel Reparaz. Munoanditik azaldu dutenez, Arbizuko kazetariak Balkanetako gerra hurbiletik ezagutu zuenetik, "nazioarteko gaurkotasuna izan du pasio". Reprazi egindako elkarrizketa, bihar
Urola Kostako Hitzan.
Jon Sarasuaren
Sustraiak eta adarrak - XIX eta XX. gizaldietako ideologiak, zertan dira? hitzaldiak hartuko du biharko solasaldiaren lekukoa. Sarasuak maiatzaren 9an eskainiko du hitzaldia, hori ere Sanagustin kulturgunean. Ion Muñoa ariko da aurkezle lanetan. Munoandik ez du oraindik solasaldiaren ordua jakinarazi, baina data gerturatu ahala emango dute horren berri.
Bi hitzaldi horien ostean, Xabier Arzalluz EAJren buruzagi ohiaren inguruko
Euskadiko historia politikoa dokumentala aurkeztuko du Munoandik. Ikus-entzunezkoaren proiekzioa maiatzaren 29an izango da, Sanagustin kulturgunean. Munoandik azaldu duenez, "Arzalluzen ibilbide politikoa eta Euskal Herriko azken 50 urteetako hainbat gertaeren inguruan dituen iritziak eta ikuspuntuak jasotzen ditu
Euskadiko historia politikoa dokumentalak".
Jarraipena, udazkenean
Apirilerako eta maiatzerako prestatutako ekintzez gain, aurrera begira ekintzak egiteko asmoa du Munoandi elkarteak. Aurreratu duenez, Ane Irabazabal eta Jon Artano nazioarteko kazetarien hitzaldi bana ere
antolatuko ditu, eta udazkenera begira ere hainbat ekitaldi ari da prestatzen Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean.