Ibon Guridi partida batean. (ISB)
ISBn urteak igaro ostean, gizonen lehen taldea utziko du Ibon Guridik (Azpeitia, 1992). Etxeko azken partida jokatu zuen Sammic ISBrekin joan zen ostiralean, eta agur beroa jaso zuen kapitainak.
Mailari eusteko neurketa erabakiorra izango da ostiralekoa. Nola zaudete?
Azken partidetan itxura ona emanda eta emaitza onak lortuta goaz Gasteizera. Garbi daukagu aurreko ostiraleko partida garrantzitsuan lortutako garaipenak jarraipena behar duela. Taldea guztiz zentratuta dago; horrelako neurketek eman ohi duten urduritasun puntuarekin, baina moralari dagokionez, ondo. Jokatzeko gogoz gaude. Aurreko astean harmailetatik jaso genuen laguntza jaso nahi genuke ostiral honetan ere.
Mailari eusteak zer esan nahi du taldearentzat?
Talde hau ezagutzen dugunok badakigu nondik gatozen. Azken urteetan, momentu historikoak bizi izan ditugu nesken eta mutilen mailetan nahiz formakuntza taldeetan, eta gaztetatik klubean gabiltzanok badakigu horrelako uneak errepikatzea oso zaila izaten dela. Lehengo urteko igoera inork ez zukeen amestuko duela urte batzuk. Aurten, berriz, ligako talderik xumeena izanik, Azpeitiko eta Azkoitiko taldeak hiriburu handietakoen aurka jokatze hutsa eta maila horretan mantentzea historikotzat joko nituzke.
Dena den, zuk saskibaloia uztea erabaki duzu. Zergatik?
Gaztea banaiz ere, bizitzan etapak izaten direlakoan nago. Azken urteetan, saskibaloia lanarekin uztartu dut, eta maila hauetan jokatzeak denbora asko eskatzeaz gain, egunerokotasuna eta lan esparrua guztiz baldintzatzen ditu. Exijentzia mailak, partidetarako bidaiek, entrenamenduek... osotasunean saskibaloiari lotuta egotea eskatzen dute. Momentu ikaragarri onak pasatu ditut, baina beste etapa batean nagoela sentitzen dut.
Zuk taldea utzita, izango al da azpeitiarrik lehen taldean?
Azken urteotan hainbat azpeitiarrek utzi behar izan du taldea hainbat arrazoi tarteko. Aitor Zubizarretak eta biok izan dugu denboraldi historiko honetan lehen taldean jokatzeko aukera, baina ISBren harrobiko gazteek geroz eta gehiago laguntzen digute entramenduetan, eta hainbat partidatara ere etorri dira gurekin. Maila hauetara iristea ez da erraza izaten, baina, pixkanaka, azpeitiarrak ikusiko ditugu lehen taldean.
Uzteko erabakia hartua duzu, baina mailari eutsiz gero, ez al zaizu inbidiarik sortuko?
Mailak ez du eraginik izango pasatuko dudan inbidian. Izan ere, badakit uztaila amaitzear denean, jokatzeko izugarrizko gogoa sartuko zaidala. Neure saltsan sentitzen naiz klubean: taldekide berriak ezagutu, denboraldi aurre gogorra egin, aurkariak aztertu, ingelezez astakeria batzuk bota, bidaietan kontu-kontari ibili, Azpeitiko igande arratsaldetako partidak... Hori guztia da benetan inbidia emango didana.
Omenaldi beroa jaso zenuen ostiralean. Espero al zenuen?
Egia esan, ez nuen espero; izan ere, partidan asko genuen jokoan, eta emaitzak baldintza zezakeen agurra. Neurketa amaitzean, zaletuei txaloka ari nintzela, taldekideak gerturatu ziren; besoetan jaso eta gora bota ninduten. Ondoren, bertsoak kantatzen hasi zen Leire Ostolaza, eta une benetan hunkigarria izan zen.
Nola sentitu zinen?
Mila gauza pasatu zitzaizkidan burutik, sentimendu asko. Familia, gertukoak, lagunak eta zu animatzen ibili den jendea horrelako agurra ematen ikusteak zeharo hunkitzen du. Harmailetara begiratu eta denek nire izena oihukatzen hor jarraitzen zutela ikusteak gorputz osoan oilo ipurdia eragin zidan. Behin ere ahaztuko ez dudan unea izango da, zalantzarik gabe.
Bertsoan irakur zitekeenez, kantxa barruan ez ezik, garrantzitsua izan zara taldean ere.
Talde batean urte asko daramatzazunean, talde giroan ere izaten duzu eragina. Ezin naiz kexatu urte guztiotan alboan tokatu zaizkidan taldekideez.
Jokalari izateari utzita ere, jarraituko al duzu ISBn?
Bai, oraindik ez dakit zehazki zertan, baina ez daukat Iraurgi Saskibaloi Taldetik aldentzeko asmorik. Gainera, ez dut baztertzen klubeko beste talderen batean aritzea. Omenaldian entrenatzaile hasteko materiala ere oparitu zidaten...
Zer eman dizu ISBk urte guztiotan?
Nire bizitzako zati garrantsitzu bilakatu da kluba, saskibaloiaz gozatzen irakatsi didalako. Dena den, ezagutu dudan jendea nabarmenduko nuke. Bestalde, jokalari bezala bizitako esperientzietatik asko ikasten delakoan nago; batez ere, urte zailak tokatzen direnean.
Harrobiko jokalariei zer esango zenieke? Izan ere, zu ere behetik hasita iritsi zara Urrezko Ligara.
Talde giro bikaina sortzea eta saskibaloiaz gozatzea gomendatuko nieke, talde giroan egindako lagunak eta momentuak betirako gelditzen baitira.