Angel Oiarbide. (Goierriko Hitza)
Honako hau dio Elkarrekin-Together dokumentalaren trailerrak: "Bestelako mundu bat posible izan bazen, bestelako mundu bat posible izango da". Elkarrekin arituta, zertara irits daitezke herritarrak?
Filmak erakusten du gure arbasoak mundu mailako proiektu eredugarriak egiteko gai izan zirela duela 400 urte. Euskal baleazaleak protagonista izan ziren AEBetako ekialdeko kostako uharte batean. Izan ere, elkarlanean aritu ziren hango herritarrekin. Garai hartako petrolioa balearen gantza urtuta egiten zen, eta euskaldunek zuten horren hegemonia. XVI. mendean Euskal Herria garai hartako Saudi Arabiako Erresuma zela esan nahi du horrek, eta ikustekoa da euskal baleazaleak nola antolatzen ziren mundu mailan eredu izateko. Gai izan ziren interes komun bat zuten helburuak irudikatzeko eta elkarlanean aritzeko. Beraz, atzera begiratuta gaur egun baliagarri zaizkigun ikasgai ugari dugu. Erabakitzeko eskubidea gora eta behera gabiltzan garaiotan, zer erabakiko dugu ez badakigu zer egiteko gai garen?
Bost urte dira Gure Esku Dago martxan jarri zenutela. Ekainaren 10eko giza katea inflexio puntua izango al da?
Aurten ziklo bat bukatuko du Gure Esku Dagok, baina horrek ez du esan nahi ibilbidea bukatuko duenik. Ziklo natural bat amaituko da; izan ere, hauteskunde zikloa hasiko da datorren urtean gure herrian. GED elkarlan eta adostasun eremu bat hauspotzeko sortu zen, eta hauteskunde zikloa horren kontrakoa da guztiz. Urteotan, lan ugari egin dugu, eta aurten aukera ikusten dugu hori guztia borobiltzeko. Une berezi batean gaude, eztabaida instituzionala ematen ari delako Gasteizko erabaki gunean, Katalunian pil-pilean dagoelako gaia eta Europara iritsi delako eztabaida. Ekainaren 10ean egindako lanari ginga jar diezaiokegu.
Giza katea ez da igaroko Euskal Herriko lurralde guztietatik. Zergatik?
Euskal Herri osoa aintzat hartzen duen giza katea izango da, nahiz eta ez den pasatuko Nafarroatik eta Ipar Euskal Herritik. Helburua zen ekainaren 10ean herritarrak arrazoiz jostea eta arrazoi hori Gasteizko, Iruñeko eta Iparraldeko erabaki guneetara eramatea, baina Nafarroan eta Iparraldean oraindik ez da eztabaida instituzioetara iritsi. Gainera, toki horietako eragileetan eta GED-n ez zegoen ekainaren 10ean horrelako mobilizazio bat egiteko nahikoa borondate. Hala ere, nafarrek erabaki dute maiatzaren 19an giza harmarria egitea, eta giza katerako deia ere egin dute. GED-n ez dago erabakigunea den organorik, behetik gora datorren prozesua da, eta ezinbestekoa da herritarren borondatea. Nahiko genuke zazpi hiriburuak lotzen dituen giza katea egitea, baina hori planteatzeko eztabaidak beste intentsitate batean egon behar du Euskal Herri osoan.
Zer erronka ditu aurten GED-k?
Giza katea mugarria izango da, baina hiru ginga jarri nahi ditugu. 2014ko giza katean ez genuen sakondu mezuan, hiru esaldi xume eta axaleko plazaratu genituen: «Herri bat gara; erabakitzeko eskubidea dugu; eta herritarron garaia da». Mezu hori erabili zen euskal herritarrok elkarri eskua ematen hasteko eta erronka handi bati aurre egiteko gai al ginen ikusteko. Lau urte pasatu dira ordutik, eta beste sakonera bat hartu du GED-k, hirugarren dimentsio batean sartu da: zergatik eta zertarako erabaki. Bost urteotan oinarri demokratikoak sortzeko egin den lana itundu egin behar da.
2019a du jomugan GED-k. Zergatik?
Aro berri bat irekitzeko aukera dagoelako. Giza katea une oso indartsuan egingo da, eta egitasmoa eztabaida ematen ari den Eusko Legebiltzarrarekin lotuko da. Mugarria izateaz gain, aukera paregabea izango da mezua Europara eta mundura helarazteko: Europako mendebaldean bada nazio bat bere etorkizuna libreki erabaki nahi duena. Bestalde, Herritarron Ituna eramango dugu herritarren erabaki guneetara, eta ekainaren 10aren ostean, Euskal Herriko hiru erabaki guneetara –Gasteizko Legebiltzarra, Nafarroako Legebiltzarra eta Euskal Elkargoa– eramango ditugu Herritarron Itunean bildutako 2.019 arrazoiak. Gainera, 2018an bukatuko da galdeketen fasea Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, eta udazkenean hainbat herritan eta hiriburuetan egin nahi ditugu galdeketak. Nafarroan zabalik geldituko da bidea, beste erritmo batean ari direlako lanean; eta Iparraldean borondatea badago galdeketei eusteko.
Zer da Herritarron Ituna?
Eragileek eta alderdiek elkarrekin adostu eta idatzitako ituna izan behar du, oinarriaz hitz egiten ari garelako; hau da, hitz egiten ari gara euskal herritarrok noiz, nola eta zer terminotan erabaki behar dugun. Hori itundu egin behar da, eta GED-k baldintzak sortuko ditu horretarako. Herritarron Ituna 2.019 arrazoirekin osatuko du dinamikak.
Eta gero, zer?
GED-k prozesu bat hasi ahal izateko baldintzak sortu nahi ditu 2019rako. Orain arte ez da eraikitzen hasi, ezinezkoa zen buztinarekin eraikitzen hastea; Euskal Herrian errezelo ugari zegoen. Dinamikak zimenduak eta oinarriak sendotu ditu eraikitzen hasi ahal izateko: herritarrak ahalduntzea, konplizitateak sortzea eta anbizioa ditu jomugan. Eta oinarriak sendo jarri ostean eztabaidatuko dugu zer eraiki eta zer norabide hartu.
Katalunian gertatu denak Euskal Herrian eragina izan dezakeela uste al duzu?
Beti du eragina haizeak, hegokoa ala iparrekoa izan, baina hori ez da txarra. Kontua da guk haize horiek nola egokitzen ditugun gure gizartera. Kataluniatik asko dugu ikasteko, eztabaida bere mugetatik haratago eramatea lortu duelako. Hori joko zelai interesgarria da guretzat. Iaz munduko komunikabide ugari etorri zen GED-ko kideok elkarrizketatzera; ez ezer berezirik egin genuelako, baizik eta nazioarteko fokua Katalunian zegoelako eta haren inguruan agertzen garelako gu. Nazioartearen interesa erakartzea da zailena, eta hemen dugu. Bi aukera daude: egoera baliatu munduari erakusteko hemen badela modu baketsu eta demokratikoan bere etorkizunaren jabe izan nahi duen nazio bat; edo haize hauek pasatzen utzi, eta gero, geuk sortu behar adina inertzia fokua erakartzeko. Kataluniako prozesua gora-beheratsua da, baina normala da, bide berri bat irekitzen ari direlako. Guk ezin dugu olatua goian dagoenean berotu eta behean dagoenean etsipenean erori. Hau maratoi bat da, epe luzerako kontua, eta indarrak neurtu behar ditugu, baina ezin dugu gelditu. Pausoak eman behar ditugu, eta horretan ari gara.