Lurdes Isart erakusketan. (Yuri Agirre)
Lurdes Isartek (Azpeitia, 1965) urteak daramatza margolanak egiten. Duela bi urte jarri zuen lehen erakusketa, eta orain ere ikusgai dira haren lanak Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Herriko sortzaileak "asko direnez", horiek animatu ditu beren lanak erakustera. "Merezi du egindakoa herritarrekin partekatzeak".
Noiz eta nolatan hasi zinen margogintzaren munduan murgiltzen?
Duela hamahiru-hamalau bat urte hasi nintzen margotzen, Donostian. Marrazketa betidanik gustatu izan zait, aurrez etxean margotzen nuen, baina orduan hasi nintzen koloreen mundua eta hainbat teknika deskubritzen, sormenari bide emanez. Axaletik egia esan, baina sasoi hartan hasi nintzen margogintzara gerturatzen. Harrezkero, azken zortzi urteotan, Diart akademian aritzen naiz, batez ere, olioa lantzen.
Nondik datorkizu afizioa?
Txikitatik dut marrazkien bidez adierazteko behar hori. Hasieran, ziurrenik modu inkontzientean, edozer gauza margotzen nuen. Eskolan ere marrazketa artistikoa zen nire ikasgairik gustukoena. Kurtso bat ere egin nuen amak bultzatuta, eta orduan pentsatu nuen ederra litzatekeela olioa edo pastela lantzea. Urteetan aritu nintzen horri bueltaka, eta Diarten hasi nintzen teknika horiek lantzen.
Zer ikus daiteke zuk egindako margolanetan?
Egin ditudan lanetan hainbat gauza ikus daiteke, baina marrazketatik dezente dute nire lanek. Paisaiak ageri diren lanetan naturaren edertasuna, berez naturak duen harmonia, kolore bidez markatutako kontrasteak eta abar ikus daitezke. Eta lan horiek egiteak gozamena sortzen du. Aurpegien kasuan, berriz, begiradari garrantzia handia ematen diot. Argazkia hartzen dudanean, haren antzekotasunari baino arreta handiagoa jartzen diot begiradarekin adierazi nahi dudanari. Eta orduan hasten naiz koloreekin jolasten.
Zer alde dago paisaiak eta aurpegiak marraztearen artean?
Aldea handia da; motibazioa ere aldatu egiten da hasi orduko. Prozesua ere zeharo desberdina da, eta zer esanik ez lantzen ari zaren materialaren arabera. Txaparen gainean eginez gero, denbora gehiago behar duzu, kolore gehiago ere bai, eta behatza gehiago sartu behar da kolore nahasturak egiteko. Oihal gaineko margolanen prozesua guztiz desberdina da.
https://www.youtube.com/watch?v=EhsYLWVeHAY
Zer motatako margonalak dituzu nahiago: paisaienak edo pertsonenak?
Paisaiek asko erakartzen naute. Orain dela gutxi hasi naiz Euskal Euskal Herrian hainbeste ditugun bazter zoragarri horiek islatzen. Baina pertsonak gero eta gehiago egiten ditut, esateko duten horrek guztiak erakarrita.
Hasieran duzun ideia hori irudikatzea lortzen al duzu?
Batzuetan, ez zara oso kontziente egiten ari zarenaz; hau da, ia nahi gabe ateratzen zaizu zerbait. Baina, gero, margonalei begira hasten naiz, eta askotan, nahi dudan hori lortzen dudala uste dut.
Olio teknika erabiltzen duzu. Zer du ona olioak eta zer txarra?
Olioa lantzeak faseka lan egitea eskatzen du. Olio margoen kapa bat eman eta lehortzen utzi behar duzu. Lehortu aurretik kolore bat ikusten duzu, eta lehortu ondoren beste bat. Hori dela eta, koloreak nahastu eta esperimentatu egin behar da. Olioak hori dauka ona, esperimentatzeko aukera ematen duela, faseka eta kapaz kapa egiten delako lan.
Erakusketaren aurkezpen testuan diozunez, "kolore bizi eta argiek presentzia handia" dute zuk egindako lanetan. Zergatik?
Edertasuna islatzeko modu bat direlako koloreak, eta konbinazio aldetik ere jokoa ematen dutelako. Begiraden kasuan, adibidez, kolore dezente nahasten ditut, eta batzuetan asmatzen dut eta besteetan ez. Adierazi nahi duzuna adierazteko aukera ematen dute koloreek.
Ez da erakusketa jarri duzun lehen aldia. Asko kostatu al zitzaizun egindako lanak aurrenekoz jendaurrean ikusgai jartzea?
Bai, baina egia esan, Diarten hasi eta bi urtera edo, taldeko kide batzuek erakusketa jarri genuen. Taldeko erakusketa zen eta ez ginen jendearekin zuzenean harremanetan egon. Gerora, baina, lan dezente nituen eginda, eta "zergatik ez erakutsi?", galdetu nion neure buruari. Eta horrelaxe jarri nuen 2016an lehen erakusketa. Esperientzia ona izan zen, baina jendearekin ez nintzen asko egon. Oraingoan, berriz, herritarrekin egoteko aukera dut, eta horrek asko ematen du. Ordutik hona, lanen zehaztasunean sakondu dudala uste dut. Bi urte ez dira asko prozesuaren bilakaera ikusteko, nik ez baitut egunero marrazten, baina orain urte batzuk egindako margonalei begiratuta, koloreetan lortu dudan zehaztasuna azpimarratuko nuke. Uste dut ari naizela pixkanaka aurrera egiten.
Oro har, zer harrera izan du erakusketak?
Bat baino gehiago harritu egin da. Hala esan didate askok: "Ez ninan hire alderdi hau ezagutzen!". Eta normala da, orain arte modu intimoan aritu bainaiz marrazten. Dena den, horrelako erakusketek ez dute publiko askorik mugitzen, baina jendea etortzen ari da pixkanaka, eta badirudi gustatu zaiela erakusketa.