Ignacio Arakistain. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)
Ilusio "berezia" sortzen dio Ignacio Arakistain (Azpeitia, 1998) piano eta organo jotzaileari herrian bertan
Tekla Jardunaldiak antolatzeak. Juan Antxieta musika eskolan hasi zen trebatzen umetan, eta Jose Luis Frantzesenaren organo ikasle izan zen urte luzez. Gaur egun, Donostiako Musikene kontserbatorioko ikaslea da, eta piano errezitaldia eskainiko du etzi, Sanagustinen.
Nolatan bururatu zaizue Tekla Jardunaldiak antolatzea?
Sarritan esan izan diot musika eskolako Mari Jose Bikendiri piano ikasle asko pasatu direla eskolatik, baina gero, jarduera hori aurrera eramateko, pianoaz gozatzeko eta herrian kontzertuak eskaintzeko aukera gutxi izan dugula. Gabezia horri erantzun nahian sortu dugu ziklo txiki hau. Eta egia esan, niretzat plazera da herrian halako egitasmo bat antolatzea.
Zein da Tekla Jardunaldien xedea?
Hiru helburu aipatuko nituzke: batetik, tekladun instrumentuak nabarmentzea; bigarrenik, musika klasikoa aldarrikatzea, hau da, pixka bat musika komertzialetik aldentzen den hori sustatzea. Izan ere, gaur egungo musika komertzialaren jazarpen masiboa medio, askotan ahaztu egiten dugu non duen sorrera musikak: duela urte batzuk hainbat maisuk egindako lan klasikoetan, alegia. Eta pianoak eta organoak literatura horrekin duten lotura kontuan izanda, kontzertu hauetan musika klasikoaren aldarrikapena egingo dugu. Beteko dugun hirugarren helburua, berriz, eta garrantzitsuena, bertako piano-joleak eta organistak protagonista izatea da. Azkoititik Itziar Beitia pianista handia etorriko zaigu, eta saio batean harpa ere entzun ahalko da, Amets Sorazuren eskutik. Ostiralean, berriz, piano errezitaldia eskainiko dut, eta sei autoreren hainbat obra joko dut.
Zer berezitasun dituzte pianoak eta organoak?
Gizartean, oro har, instrumentu oso ezaguna da pianoa; organoa ez hainbeste, baina askotan, organoak berak hain ezezaguna izateagatik, pianoak baino presentzia handiagoa du. Izan ere, piano kontzertu bat eskaintzeko azpiegitura handia behar da. Horregatik, errazagoa da flauta edo saxofoia bezalako instrumentuak hartu eta bandan jotzea. Halere, aukera desberdinak eskaintzen dituen instrumentu handia da pianoa: beste instrumentuen lagungarri izateko, bera bakarrik jotzeko, orkestrako parte bezala... balio du.