Sormena zertarako? Soreasuko Sormen Gunearen atariko hausnarketak izenarekin jardunaldiak egingo dituzte Azpeitiko Dinamoan apirilaren 24tik 26ra. Bi hitzaldi eta mahai-inguru batekin osatuko dituzte jardunaldiak, eta Idoia Zabaletak, Koldo Izagirrek, Ane Agirrek, Oskia Ugartek eta Ixabel Milletek parte hartuko dute.
2017ko uztailean aurkeztu zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak udalarekin elkarlanean gauzatu duen Soreasuko eraikinean Sormen Gunea egiteko proiektua. Lau eremutan banatuta –Hitza, Irudia, Arte Eszenikoak eta Soinua–, "sotzaileentzako lanerako tokia" izatea da egitasmoaren helburua. Sormen Gunea egokitzeko "eraberritze lanak laster" hasiko direla esan dute arduradunek. "Ondo bidean 2019ko udan bukatuko dira lan horiek. Beraz, 2019ko udazkenean jarriko da martxan Sormen Gunea". Lanak bukatu artean "bi erronka" izango dituzte Kultur Mahaian: "Batetik, dinamika indartzea eta komunitatea artikulatzen joatea, tailer, ikastaro eta abarren bitartez; eta bestetik, Sormen Gune horren nolakotasuna zehazten joatea: erabilera irizpideak, ardatzak, funtzionamendua, kudeaketa...".
Hausnarketa hori abian jartzeko beste leku batzuetako ereduak ezagutu nahi dituzte, beste sortzaile batzuen ikuspuntuak, eta horretarako antolatu dituzte jardunaldiok. Hau da hiru egunetan Soreasuko Dinamoan eskainiko dutena:
- Apirilak 24, asteartea. 19:00etan, hitzaldia: Azalaren izenean. Idoia Zabaletak emango du; 2008az geroztik, Juan Gonzalezekin batera, arte egoitzetarako eta sormenerako AZALA espazioa eraiki eta kudeatzen du, Arabako Lasierran, bera bizi den herrian bertan.
- Apirilak 25, asteazkena. 19:00etan, hitzaldia: Urola, indar trantsizioa, Koldo Izagirre idazlearen eskutik.
- Apirilak 26, osteguna. 19:00etan, mahai-ingurua: Sormena zertarako, eta nola? Parte-hartzaileak: Ane Agirre (Tabakalera), Oskia Ugarte (Huarte Zentroa) eta Ixabel Millet (Borderline Fabrika).