Oier Etxeberria, Osinaldeko bigarren sailkatuaren sariarekin. (Goierriko Hitza)
Lehen aldiz Osinaldeko finalera iritsi eta bigarren. Gustura al zaude?
Bai. Egia esan, ez nuen espero. Bigarren egin nuela esan zutenean harritu egin nintzen; izan ere, hain ondo jardun ez izanaren edo besteek hobeto jardun zutenaren irudipena neukan. Baina Osinaldek duen garrantzia kontuan hartuta, oso gustura nago.
Saioan nola sentitu zinen?
Nahikoa erregular ari nintzela sentitzen nuen; ez nuen hanka sartze handirik egin, baina ezer distiratsurik ere ez. Ez zen izan oso-oso gustura gelditu nintzen ariketarik.
"Oso-oso gustura" ez gelditu arren, zein ariketatan sentitu zinen erosoen?
Batez ere, kartzelan. Osinalden egiten den kartzelako ariketa oso berezia da, uste dut han bakarrik egiten dela halakoa. Hitzari bakarka erantzun eta binaka ofizioa osatu behar izaten da, eta horiexek nabarmenduko nituzke.
Ahaztu hitza eman ziguten, eta akordatzea ahaztearekin egin nuen jolasa. Ofizioa, berriz, hamarreko txikian osatu nuen Eli Pagolarekin, elkarrekin ezkonduta denbora asko daraman bikote baten paperetik.
Zuk esana da Osinalde "plaza berezia" dela.
Bai, hala da eta. Oso-oso plaza bertsozalea eta eskertua da. Jendea bertsoak entzutera joaten da, eta kantatzen ari dena ohartzen da horrekin. Gainera, afalostean izaten da saioa, eta horrek berotasuna eta gertutasuna eragiten du beste saio batzuekin alderatuz gero. Soziedadea bete egiten da, eta areto bete bat erdi hutsik dagoen areto bat baino goxoagoa izaten da.
Argi Berri saioa irabazita pasatu zinen finalera.
Haizeak batzuetan alde jotzen du, eta besteetan kontra, eta... Guri, normalean, kontra tokatzen zaigu, baina kasu honetan zorte pixka bat izan dut. Aurtengoa Osinalden aritu naizen bigarren aldia izan da. Iaz, Aztiri saioan kantatu nuen, baina ez nuen aurrera egin. Aurten, berriz, Argi Berri irabazita pasatu naiz finalera. Saio harekin oso konforme gelditu nintzen, saio borobil samarra atera zitzaidan; finala baino hobea beharbada. Baina Osinalde finalean kantatzea bera da saria, eta helburua konplitzea zen. Uste dut bete genuela helburua, bai nik eta bai beste bertsolariek.
Osinalde bertsolari gazteei ateak irekitzeko plaza ona dela esan izan da. Hala al da?
Bai, hala da arrazoi bat baino gehiagogatik. Batetik, duen izenagatik, eta, bestetik, bertsolari batek ezin duelako parte hartu hiru urte baino gehiagotan. Horrek bertsolarien taldea berritzea eragiten du; hau da, nahiz eta bertsolari oso ona izan eta plaza askotan aritu, hirutan baino gehiagotan ezin duzu parte hartu. Adibidez, larunbatean kantatu genuen sei bertsolariok lehen aldiz aritu ginen Osinaldeko finalean.
Plazatik Gaztetxera sariketako Itziarko saioan ariko zara zapatuan. Gogotsu al zaude lehiarako?
Izugarrizko gogoa dut. Saioak ez dira soberan izaten, eta bat bestearen segidan izanda, oso gustura nago. Izan ere, oso sariketa gutxitan eman daiteke izena. Sariketak antolatzen dituztenek deitzen diete normalean bertsolariei, eta atsegin handiz hartu dut Plazatik Gaztetxeraren antolatzaileen deia. Kantatzeko gogoz nago.
Plaza faltan al zarete bertsolari gazteok?
Ez dut uste bertsolaritzan soilik gertatzen den kontua denik. Kulturako beste arloetan ere hala izango delakoan nago. Zenbat eta gehiago deitzen dizuten, are hobea eta ezagunago zara; gurpil bat da. Alderantziz ere bai: ez badizute deitzen, ez zaituzte ezagutzen eta jendaurrean jartzea gehiago kostatzen zaizu. Denetarik dago bertsolari gazteon artean, baina asko dira bertsotan ondo egiten dutenak eta aukera askorik ez dutenak. Askok dute plazarik ez duten sentipena, eta uste dut sentipen hori oso orokortuta dagoela bertsolari gazteon artean. Dena den, gazteentzat sariketak badira, eta horietan aritzea dut helburu. Eta bertso eskolan segituko dut, ahalik eta gehien hobetzeko.