Oier Etxeberria azpeitiarra azpitxapeldun, Osinalde bertso sariketan

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 8a, 18:08

Matxinbentako bertsolariarentzat "plaza oso berezia" da Osinalde, eta gustura dago Gabiriko finalean egindako lanarekin. Txaber Altubek irabazi du bertso sariketaren 47. edizioa eta Eli Pagolak jaso du bertso onenaren saria.

Hiru bertsolari sarituak ezkerretik eskubira: Oier Etxeberria, Txaber Altube eta Eli Pagola. (Goierriko Hitza) 47. Osinalde bertso sariketaren finala irabazteko atarian gelditu da Oier Etxeberria bertsolari azpeitiarra. Atzo, zapatua, jokatu zen finala Gabiriko Osinalde elkartean, eta Etxeberria bigarren sailkatu zen. Txaber Altube abadiñoarrak irabazi zuen sariketa. Bertso onenaren saria, berriz, Eli Pagola hernaniarrak eraman zuen. Sei bertsolari aritu ziren kantuan atzoko finalean: Oier Etxeberria, Txaber Altube, Eli Pagola, Aitor Servier azkaindarra, Asier Galartza muxikarra eta Peru Abarrategi aramaioarra. Sei finalistak aurten iritsi dira aurrenekoz Osinaldera. Eñaut Asurabarrena gabiriarrak jarri zizkien gaiak. Osinalde sariketako finala Aztiria, Osinberde eta Argi Berri kanporaketetako irabazleak eta saio horietan bigarren sailkatu diren bertsolariek jokatzen dute. Etxeberriak Argi Berri sariketa irabazita lortu zuen finalerako txartela. Atzoko saioan egindako lanarekin gustura dagoela esan du Etxeberriak: "Ariketa gehienetan kunplitu nuela uste dut, akatsik egin gabe aritu naiz. Beraz, horrekin konforme nago".  Bigarren sailkatzea "espero" ez zuela esan du Matxinbentako bertsolariak, "beste bertsolariak hobeto" aritu zirela iruditu baitzitzaion. Gabiriko finala "oso plaza berezia eta bertsozalea" da Etxeberriarentzat. "Orokorrean, Osinalden kantatzea gustagarri egiten da", dio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide