Silence musika taldeak autobusa antolatu du Maketa Lehiaketaren finalera joan nahi dutenentzat

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 6a

Izen-ematea zabalik dago jada, Azpeitian zein Azkoitian. Orkatzen, Zuhatzen, Deanen, Latzen eta Zurten eman daiteke izena. Apirilaren 27an izango da 'Gaztea' irratiak antolatutako Maketa Lehiaketaren finala, Bilboko Kafe Antzokian, eta han izango da Silence.

Ezkerretik eskubira, Unanue, Hidalgo, Astigarraga, Kustodio eta Pozo. (Silence) Gaztea Maketa Lehiaketaren finalera joateko doako autobusa antolatu du Silence musika taldeak, "jasotako babesa eskertzeko". Azkoiti-Azpeitiko taldeak joan zen martxoaren 23an lortu zuen finalerako txartela, herritarren bozei esker GazteBizHitza Saria jaso ostean. Jose Mari Unanue, Djuniet Astigarraga, Jon Kustodio eta Andrea Pozo azkoitiarrak eta Julen Hidalgo azpeitiarrak osatzen dute Silence. Maketa Lehiaketaren finala joateko autobusa 18:00etan irtengo da Azkoititik. Itzulerako autobusa, aldiz, 02:00etan aterako da Bilbotik, eta Azpeitian zein Azkoitian egingo du geldialdia. Autobuserako izen-ematea zabalik dago jada, eta interesa dutenek Azpeitiko Orkatz eta Zuhatz tabernetan eman dezakete izena. Azkoitian, berriz, Deanen, Latzen eta Zurten dago izen-ematea egiteko aukera. Orotara bost musika talde izango dira Bilboko Kafe Antzokiko final handian: Silence, Pho-Bo, Hakima Flissi, Nerabe eta Aizkorak Zorroztu. Oraindik zuzenekorik eskaini ez badute ere, hasi da Silencen hegaldia. Fionalera sailkatu zirela jakin zuten unean, lanean jarraituko zutela esan zuten, finalean “dena emateko”: “Gogor jarraituko dugu lanean, maketa lehiaketaren finaleko kontzertua ahalik eta ondoen irten dadin. Merezi duzuelako, dena emango dugu finalean”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide