'Alu Ulu' antzerki foroa izango da hilaren 13an Azpeitiko Gaztetxean

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 5a

Iazko Azoka Herritik egitasmoaren barruan ziren 'Alu Ulu' Gaztetxean egitekoak, baina data atzeratu behar izan zuten azken unean. Azkenean, hurrengo astean eskainiko dute antzerki foroa. Umorea oinarri hartuta, eduki ezberdinak lantzen ditu 'Alu Ulu'-k, hala nola emakumeen sexualitatea, harremanak, edertasun ereduaren inguruko gogoeta eta masturbazioa.

Arremanitz kooperatibak prestatutako Alu Ulu antzerki foroa hilaren 13an, ostirala, iritsiko da Azpeitiko Gaztetxera. Iazko irailean ziren bakarrizketa formatuko antzezlana Gaztetxean ematekoak, Azoka Herritik egitasmorako prestatutako egitarauaren barruan. Osasun arazo batzuen ondorioz, emanaldia atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek, baina jada jarri dute data berria. Apirilaren 13an izango da ikusgai Alu Ulu Gaztetxean, 19:00etan hasita. Umorea oinarri hartuta, hainbat eduki lantzen ditu Arremanitz kooperatibak sortutako antzerki foroak, hala nola emakumeen sexualitatea, harremanak, edertasun ereduaren inguruko gogoeta eta emakumeen masturbazioa. Haizea Egigurenek egiten ditu aktore lanak, eta Saioa izeneko neska bat hezurmamitzen du bakarrizketa formatuko antzezlanean. Saioak bikote aholkularitzako itxarongela batean egiten dituen hausnarketak azaltzen dira obran. Behin oholtzako kontuak amaituta, antzerkiaren inguruko hausnarketarako tartea hartuko dute, eta foroa amaitzean, bertaratzen diren lagunentzat luntxa izango da Gaztetxean. Edurne Mendizabal Arremanitzeko kideari Alu Ulu antzerki foroaz egindako elkarrizketa, hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide