Apirilaren 22an hasiko da Azpeitiko Gaztetxearen Gazte Astea

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 3a

Maiatzaren 1era arte luzatuko da aurtengo Gazte Astea; horrenbestez, inoiz baino egun gehiago izango ditu. Egun horietarako denetariko ekintzak antolatu ditu Gaztetxeak, eta berrikuntzen artean dago film laburren txapelketa.

Iazko Gazte Asteko irudia. (Gaztetxie) Oraindik egitaraua zehatzari azken zertzeladak falta bazaizkio ere, aurtengo Gazte Astearen data jakinarazi du gaur Azpeitiko Gaztetxeak. Apirilaren 22an hasi eta maiatzaren 1ean bukatuko da, eta beraz, inoizko Gazte Asterik luzeena izango da datorrena. Ohi bezala, hitzaldiak, mahai-inguruak, otorduak, parrillada, mobilizazioak, kontzertuak, parodia eta txokolatada izango dira Gazte Astearen barruan, baina aurten bada berrikuntzarik ere. Horien artean dago film laburren txapelketa. Duela aste batzuk jakinarazi zituen Gaztetxeak txapelketaren nondik norakoak, eta hainbat sortzaile dagoeneko animatu da beren lanak egitera. Gazte Asteko ostegunean, apirilaren 26an, izango da ikus-entzunezko horien proiekzioa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "aurki aterako da labetik" 2018ko Gazte Asteko egitaraua osorik, baina aurrerapen bezala esan dute "azoka kulturala, literatura, sorkuntza eta langile mugimendua protagonistetako batzuk" izango direla aurtengo gazte astearen protagonistetako batzuk. Iazko Gazte Astearen laburpen bideoa, hemen: https://youtu.be/HwDkwdHZZ3g

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide