Azpeitiko eta Azkoitiko pilotariek ezin izan dituzte irabazi Emakume Master Cup pilota txapelketako finalak

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 25a

Txapelik gabe, baina Eibarko Astelehena pilotalekua leporaino bete izanaren pozarekin. Horrela izango dira, ziurrenik, Eneritz Arrieta, Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo azkoitiar eta azpeitiar pilotariak. Izan ere, gaur, igandea, jokatu dituzte horiek Emakume Master Cup pilota txapelketako finalak, eta galdu egin badituzte ere, festa giro bikaina izan da frontoian. Lehenik, Promozio Mailako finala jokatu dute, eta Badiola eta Orbozo azpeitiarrak Amaia Vicarioaren eta Ainhoa Urienen aurka aritu dira nor baino nor. Partida azkarra eta berdindua izan da, baina azpeitiarrei ihes egin die txapelak; izan ere, Vicariok eta Urienek irabazi dute partida 20 eta 22. Partidaren lehen minutuetan aurretik izan dira Urien eta Vicario, baina markagailua 19na puntutan jarri ahal izan dute Orbegozok eta Badiolak. Nekea nabaritu ahal izan zaie pilotariei handik aurrera, eta azpeitiarren bi hutsegite baliatu dituzte Urienek eta Vicariok markagailua 19 eta 21 jartzeko. 20 tantora iritsi dira azpeitiarrak, baina garaipena urdinentzat izan da. Bigarren finala hasi da ondoren; Elite Mailakoa, hain zuzen ere. Eneritz Arrieta azkoitiarrak eta Patri Espinarrek iazko txapeldunak izan dituzte aurrez aurre: Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz. Eta aise berretsi dute iazko lorpena Arrizabalagak eta Etxanizek, partida bikaina jokatuta, 22 eta 7 nagusitu baitira. Azpeitiko Udalak finalak ikusteko autobusa antolatu du, eta hainbat herritar joan da Astelehenara pilotari azpeitiarrak animatzera. Hona hemen, argazki batzuk (Irudiak: Estitxu Elduaien, Emakume Master Cup, ASPE pilota eta Azpeitiko Udala):

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide