Silence: "Gogor jarraituko dugu lanean, maketa lehiaketaren finaleko kontzertua ahalik eta ondoen irten dadin".

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 23a, 17:47

Azpeiti-Azkoitiko taldea Gaztea Maketa Lehiaketaren finalean izango da. Entzuleen bozei esker GazteBizHitza Saria irabazi dute bost gazteek. Silenceko musikariek jendeak erakutsi dien babesa azpimarratu dute, eta "bihotzez eskerrak" eman dizkiete boza eman duten pertsona guzti-guztiei.

Ezkerretik eskubira, Pozo, Unanue, Astigarraga, Kustodio eta Hidalgo. (Silence) Gaztea Maketa Lehiaketaren finalean izango da Silence musika taldea. Atzo jaso zuen entzuleen GazteBizHitza Saria, eta horrenbestez, finalerako txartela poltsikoan du Azpeitia-Azkoitiako taldeak.  Jose Mari Unanue, Djuniet Astigarraga, Jon Kustodio eta Andrea Pozo azkoitiarrak eta Julen Hidalgo azpeitiarrak dira Silence osatzen duten artistak. Atzo amaitu zen lehiaketaren bozketa fasea. Silencek 1379 boto eskuratu ditu, Pho-Bo bigarren sailkatuak baino 266 puntu gehiago, hain zuzen ere. Azpeiti-Azkoitiko gazteekin batera, beraz, Pho-Bo taldea ere lehiaketako finalera sailkatu da, eta epaimahaiak honako beste hiru talde ere hautatu ditu azken lehiarako: Hakima Flissi, Nerabe eta Aizkorak Zorroztu. Silenceko kideek adierazi dutenez, finalera iritsi direla "ezin sinetsita" daude: "Eskerrak eman nahi dizkiogu Silenceren alde boza eman duten guztiei, jendeak erakutsitako babesari esker irabazi dugu saria, eta bihotzez eskerrak ematea besterik ez dugu. Ezin dugu hitzez adierazi jasotako babebesa. Onenak zarete". Finalean "dena emateko prest" Finalera sailkatu diren bost taldeek apirilaren 27an erakutsi beharko dituzte beren abileziak Bilboko Kafe Antzokian egingo duten finalean. Irabazten duenak 5.000 euroko saria —Epaimahaiaren Saria– jasoko du eta Bilbao BBK Live jaialdian kontzertua eskainiko du. Sari nagusiaz gain, ordea, Kafe Antzokiaren sari berezia ere banatuko dute, eta horren irabazleek 300 euro jasoko dute. Laurogei talde inguruk hartu dute parte aurtengo edizioan, eta 21 talde lehiatu dira bozketa fasean. Haien artean izan dira Azpeitiko eta Azkoitiko musikariak. Oraindik zuzenekorik eskaini ez badute ere, hasi da Silencen hegaldia. Lanean jarraituko dutela esan dute, finalean "dena emateko": "Gogor jarraituko dugu lanean, maketa lehiaketaren finaleko kontzertua ahalik eta ondoen irten dadin. Merezi duzuelako, dena emango dugu finalean".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide