Maratoi erdian lehiatuko diren eliteko atletekin solasean aritu dira Azkoitiko eta Azpeitiko ikasleak

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 23a

Bihar jokatuko dute XXV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, eta Diego Garcia zenaren oroimenezko lasterketan parte hartuko duten eliteko atleten behin betiko zerrenda itxi dute antolatzaileek. Emmanuel Bett (2015eko eta 2016ko irabazlea), Mark Kiptoo (2013ko irabazlea), Joseph Kiprono Kiptum (iazko irabazlea), Samuel Kiplimo Kosgei, Stephen Omiso Arita, Kiprono Menjo, Stephen Muendo Mwenda eta Ronal Kirui keniarrak, Nathan Ayeko ugandarra, Mehawi Tsegay eritrearra eta Gizaw Bekele Megersa etiopiarra dira gizonezkoen zerrenda osatzen dutenak; eta Leonidah Jemwetich Mosop eta Mercy Kepchumba keniarrak, Hawi Megersa etiopiarra, eta Zulema Fuentes Pila eta Azucena Diaz espainiarrak dira emazkumezkoetan lehian ibiliko diren izen nagusiak. Eliteko atleta horietako gehienak iritsi dira dagoeneko, eta azken urteetan ohikoa bihurtu den bezala, lasterketaren bezperako egunak baliatu dituzte, besteak beste, Azkoitiko eta Azpeitiko ikasleekin elkartzeko. Atzo, Azkoitiko Elkargunean antolatzaileek prestatutako saioan izan ziren Hawi Magersa eta Rolan Kirui. Gaur eguerdian, berriz, Azpeitiko ikasleen txanda izan da, eta Afrikatik etorritako hamaika korrikalarik parte hartu dute Sanagustin kulturguneko solasaldian. Hona hemen, atzoko eta gaurko argazki batzuk:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide